Organoa eta dantza elkartuko ditu Donostiako Hamabostaldiak Bergaran

Olaia Milikua 2026ko abuztuaren 2a

Naji Hakim eta Marie-Bernardette Dufourcet organistak. (Argazkia: Donostiako Hamabostaldia)

Donostiako Hamabostaldiaren Organo Zikloak geldialdi berezia egingo du Bergaran abuztuaren 9an, 19:30ean. San Pedro elizan izango den kontzertuak organoaren eta dantzaren arteko uztarketa berritzailea eskainiko du, Marie-Bernadette Dufourcet eta Naji Hakim organisten eskutik, eta Olmar Elejaga dantzariaren parte-hartzearekin batera.

Emanaldiak J.S. Bach-en, Cesar Franck-en, Jean Langlais-en, Dufourcet-en eta Hakim-en lanak izango ditu oinarri. Olmar Elejagaren parte-hartzea ez da kontzertu osoan zehar izango, baizik eta programako obra jakin batzuetan. Dantzariak azaldu duenez, haren lana "pieza batzuk dantza bidez laguntzea izango da, mugimenduak musikarekin elkarrizketa sor dezan eta esperientziari ikus- eta emozio-dimentsio berri bat eman diezaion".

Konfiantzan sortzeko aukera

Dantzariak azaldu duenez, organistek aukeratutako obra berezietan oinarritu du proposamen koreografikoa. "Organistek oso pieza bereziak eta zainduak aukeratu dituzte, eta horien gainean eraiki ditut proposamen koreografikoak", adierazi du.

Naji Hakim eta Marie-Bernadette Dufourcet organistekin egindako lankidetzari dagokionez, Elejagak sormen-askatasuna nabarmendu du: "Sormen-askatasun osoa izan dut, eta hori benetan eskertzekoa da. Konfiantzatik sortzeko aukera izatea opari handia da". Aukeratutako musikatik abiatuta, "dantzak musikarekin nola hitz egin zezakeen" irudikatzen saiatu dela azaldu du, "denak zentzua eta emozioa izan zezan".

Ezohiko esperientzia

Publikoari eskaini nahi dioten esperientziari buruz, dantzariak adierazi du "ohikoa ez den esperientzia bat" bizitzeko aukera izatea espero duela: "Gustatuko litzaidake une batez gelditzea, hunkitzea eta bi diziplina horien edertasunak eramaten uztea". Dantzak organo-kontzertuari beste begirada bat eskaintzen diola uste du Elejagak. "Mugimendua, emozioa eta begirada berri bat eransten dizkio obrari; entzuten denaren eta ikusten denaren arteko elkarrizketa sortzen da". Haren esanetan, helburua ez da musika ordezkatzea, baizik eta "esperientzia aberastu eta harekin konektatzeko beste ate bat irekitzea".

Espazioak garrantzia

Bergarako San Pedro elizaren espazioak ere protagonismo berezia izango du proposamen artistikoan. Elejagaren hitzetan, "nortasun eta edertasun handiko lekua da", eta "sinbolismo berezia duen espazioa, eta horrek giro aparta emango dio kontzertuari". Azaldu duenez, koreografia espazioaren ezaugarrietara egokitu behar izan dute, baita emanaldiaren parte izango diren bestelako elementuetara ere: "Pantailara, esaterako, dena modu naturalean integratzeko eta ikusleari esperientzia bateratu eta zaindua eskaintzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak