Bergaran hasi dira datorren denboraldira begira lanean, eta gizonezkoen kasuan irudiotan dituzuen lau jokalariak aurkeztu dituzte dagoeneko. Mikel Peñin, Ibai Arabaolaza, Oihan Larrañaga eta Jokin Zeziaga dira taldeko fitxaketa berriak. "Lehenengo hirurak bergararrak dira. Peñin AEBtan egon da futbolean jokatzen, Arabaolazak urtebete egin du kanpoan ikasten eta etxera itzuli da, Larrañaga Elgoibartik dator eta Zeziaga elgetarra da baina gurekin ibili zen jokatzen eta gero Realera joan zen; azken hiru urtetan Hirugarren Mailako taldetan ibili da Realak utzita jokatzen, eta orain Bergarara dator ostera ere", adierazi dute klubetik.
Gizonezkoen taldea indartzen bai, baina lehenengoz Euskal Ligan jokatuko duen emakumezkoen taldera ere hasi dira fitxaketan iristen. Laia Azkarateaskasua bergararra izan da lehenengo fitxaketa. Jokalari hau Eibartik dator mahoneroen erdialdea indartzera.
Lagun artekoa, egubakoitzean
Esan moduan, aurredenboraldiko partidu batzuk ere iragarri dituzte klub mahonerotik. Oraingo egubakoitzean, uztailaren 31n (11:00, Agorrosin), 2. REF mailako Tudelano etorriko da Bergarara, etxekoen kontra jokatzera.