Santanatxoren jaitsierarekin ekin zioten atzo festari Bolua auzoan, eta asteburu osoan zehar izango dituzte adin tarte guztientzako ekintzak. Zapatu goizean mendi ibilaldia egin dute batzuek Gorla aldera, eta gaztetxoenak marrazki lehiaketan parte hartzen ibili dira. Gero, aurtengo gaia zirkuari lotutakoa dela kontuan hartuta, horren bueltako hainbat jolasetan parte hartzeko aukera ere izan dute. Sariak ere banatu dizkiete auzoko gazteenei. Nagusienek, berriz, urteroko patata-tortilla lehiaketan hartu dute parte, eta hasiera batean haizeak euren jarduna zaildu badu ere, Boluako plazatxoko sukaldean fin ibili dira parte hartzaileak.
Bakarrizketak berritasun
Askotariko ekintzak izango dituzte domeka gauera arte Boluan, baina, aurtengo nobedade nagusia da domeka arratsaldeko bakarrizketa saioa. 17:00etan hasita, Ander Malbadi, Mirari Martiarena, Maria Blanco eta Aildo Vidalek egingo dute saioa, Boluako frontoian.