Laboratoriumek bisita gidatuen eskaintza indartuko du abuztuan

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko uztailaren 30a

Abuztuko oporraldiarekin Laboratorium Museoak bisita gidatuak indartuko ditu; Bergarako ondare historikoa eta zientifikoa ezagutzeko hiru ibilbide eskainiko ditu egunero, eta udako jarduera bereziekin osatuko du eskaintza. 

Laboratorium Museoak bisita gidatuen eskaintza indartuko du abuztuan, opor garaian Bergara eta haren ondarea ezagutzeko aukera gehiago eskaintzeko helburuarekin. Hilabete osoan zehar, bisitariek hiru ibilbide gidaturen artean aukeratu ahal izango dute: museoko bisita gidatua, Bergara Monumentala eta herriko lorategi historikoen bisita. 

Bisita gidatuak egunero egingo dira abuztuan. Astelehenetik ostiralera 13:00etan izango dira; igande eta jaiegunetan 12:00etan; eta larunbatetan bi saio eskainiko dira, 11:00etan eta 12:30ean. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da 943 76 90 03 telefonora deituta edo laboratorium@bergara.eus helbidera idatzita. Erreserba egiten duen lehen pertsonak aukeratuko ditu bisita mota eta hizkuntza.

Eskaintza bereziak abuztuan

Bisita gidatuez gain, Escape the Museum ihes-jokoa egingo da abuztuaren 1ean. Bestalde, Olaso Dorrea ezagutzeko bisitak izango dira abuztuaren 8an, 11:00etan euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Bisita bera errepikatuko da abuztuaren 29an, 11:00etan, eta egun horretan bertan San Pedro de Ariznoako elizara bisita gidatua ere egingo da. 

Museoa egunero zabalik

Laboratorium Museoa egunero egongo da zabalik abuztuan, bisitariek museoko erakusketa iraunkorra ikusteko aukera izango dute. Bergarako Errege Seminarioaren ondare zientifikoan oinarrituta, zientziaren historian mugarri izan diren aurkikuntzak, bilduma zientifikoak eta esperientzia interaktiboak eskaintzen ditu Laboratoriumek.

Era berean, ikusgai dago W74: Arrazoia, Boterea eta Etorkizuna aldi baterako erakusketa ere. Dena den, erakusteka honetako bisita gidatuek abuztuan etenaldia izango dute eta irailean abiatuko dira berriro ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak