Bakarrizketak izango dira aurtengo Santa Ana jaietako berritasun nagusia

Julen Murua Mesonero 2026ko uztailaren 24a

Iazko Santa Ana jaietako patata-tortilla lehiaketa.

Zirkua izango da aurtengo gaia; auzoa apaintzeko eskatu du Jai Batzordeak

Jaien atarian eta azkenengo lanak eginda, aurtengoari ekiteko "gogo handiz" daude Bolua auzoko Santa Anako jaietako antolatzaileak. Egubakoitz arratsaldean hasi eta domeka iluntzean Santanatxo igotzen denera arteko egitaraua antolatu dute jaietarako.

Urtero gai baten bueltan antolatzen dituzte jaiak Boluan, eta aurten zirkuaren bueltakoak izango dira. "Auzoa zirkuaren bueltako elementuekin jantziko dugu, eta auzotarrak animatzen ditugu zapatuan gaiaren bueltako mozorroak janztera. Zapatuko haurrei lotutako ekintzak zirkuari lotutakoak izango dira; esaterako, Antxon magoak ikuskizuna egingo du, 17:00etan; eta 19:30ean, mozorro desfilea egingo dugu; parte hartzaileen artean zozketa sorpresa bat ere izango dugu".

Bakarrizketak berritasun

Santa Anako Jai Batzordeko kide Mireia Arakistainek dio badaudela urtero errepikatzen dituzten ekintzak, hala nola umeen marrazki lehiaketa, patata-tortilla lehiaketa eta xake txapelketa, baina, era berean, urtero saiatzen direla egitaraua aberasten eta ekintza berriak sartzen: "Iaz, esaterako, boxeo erakustaldi bat izan genuen. Aurtengo jaietako berritasun nagusia bakarrizketa ikuskizuna izango da; saiatu gara adin tarte guztietako herritarrek gozatzeko moduko ekintzak prestatzen". Domekan, 17:00etan hasi eta 19:00ak bitartean Boluko frontoian ibiliko dira Ander Malbadi, Mirari Martiarena, Maria Blanco eta Aildo Vidal bakarrizketariak herritarrak barre eginarazten.

Biniloak eta gainerakoak

Musikari lotutako hitzorduek ere ez dute sekula hutsik egiten Boluan. Aurten, esaterako, herriko erdigunetik Bolurako bidea batukadaren doinuak jarraituta egingo dute. Gainera, egubakoitzean bertan biniloen pintxada egongo da, 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetako rock-and-roll kantuetan oinarrituta. Musika emanaldi horiez gain, hainbat DJren saioak eta karaoke batez ere gozatu ahalko dute jaietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak