Lokatzako familia batu nahi dute Pello Garitanoren egunean

Xabier Urtzelai 2026ko uztailaren 24a

Pello Garitanoren omenezko martxaren irteera, artxibo irudian.

Urriaren 3an egingo dute Gorlara Igoera, eta bazkari batekin klubaren 50. urteurrena ere ospatu nahi dute. Dagoeneko eman daiteke izena, hemen.

2022ko ekainaren 18an hil zen herrian arrasto handia utzi zuen Pello Garitano, 82 urte zituela. Eta aurtengoa haren omenez egiten duten laugarren martxa zikloturista izango da. Bada, klubak 50 urte betetzen dituela aprobetxatuta, Lokatzak erabaki du bi hitzorduak batzea. Alegia, urriaren 3an Pello Garitano gogoan izatearekin batera, hark horrenbeste maite zuen Lokatzaren 50. urteurrena ere egun berean ospatzea. Zelan ez, mahaiaren bueltan batuta.

Lokatzako kideak batuta

Horretan saiatuko dira Lokatzako arduradunak urriaren 3ra begira. "Lokatzak 40 urte bete zituenean, argazki zaharren erakusketa, txirrindularitzaren gaineko mahai-ingurua, herri bazkaria... hainbat gauza egin genituen. Oso pozik geratu ginen orduan, bazkaltzera ehun bat lagun animatu ziren eta tartean izan ziren Jesus Arantzabal, Arritxu Iribar, Txomin Perurena... eta Lokatzako kide izandako asko ere etorri ziren bazkarira. Bada, bost hamarkada bete ditugun honetan, erabaki dugu bi hitzordu batzea. Batetik, urriaren 3an Gorlako Igoera egingo dugu Pello Garitanoren omenez, eta Lokatzako kide izandakoak eta gaur egungoak ere hitzordu horretara joatera animatu nahi ditugu, Pello Garitano gogoan izateko eta, aldi berean, Lokatzaren 50. urteurrena ospatzeko", adierazi dio GOIENAri Ion Unamuno presidenteak.

Bergarakoen asmoa da abuztu aurretik Kirolprobak atarian urriaren 3ko hitzordurako izena emateko aukera egotea. Eta hor bazkarian izena emateko aukera ere egongo da. "Ea urtero Garitano omentzera animatzen diren herriko kuadrillekin batera Lokatzako kideak ere animatzen diren eta elkarrekin bazkaltzen dugun denok, klubaren urteurrena ere ospatzeko", dio Unamunok.

Igoera, jai giroan

Pello Garitanoren martxara edonor apunta daiteke. Ez da ohiko martxa zikloturista bat, jai bat baizik, eta antolatzaileek igoera ere halaxe hartzeko eskatzen dute, jai giroan eta, posible bada, igoera mozorrotuta egiteko. Badira, baita ere, igoera egin aurretik goiza bizikletan buelta bat emateko aprobetxatzen dutenak, eta ondoren batzen dira jaira; alegia, igoerara. Izan ere, martxa bera laburra da, Gorlak dituen zortzi kilometroak, nahiz eta batzuei luzea egiten zaien.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak