2022an sortu zuen Angel Artetxe zestoarrak Tximas animalien babeslekuaren proiektua, eta azkenengo hamar hilabeteak daramatza Bergaran. Baserriko semea da Artetxe, eta betidanik izan duen animaliekiko sentsibilizazioak eta enpatiak eraman zuten proiektua abian jartzera: "Gurean ditugun animaliek ez daukate hiltegi baten edo abandonatuta amaitzea ez den beste aukerarik. Baserriko animaliak dira eta denborarekin ekonomikoki errentagarriak izateari uzten diote. Guk pentsatzen duguna da horiek ere sentimenduak dituztela, eta bazterretan identifikaziorik gabe agertzen diren animaliak jaso eta gurera ekartzen ditugu".
Hogei boluntariorekin
Identifikaziorik gabe dauden animaliak batzeko deia jasotzen dute sarritan Tximasekoek. Sasoiaren arabera asko aldatzen da jasotzen duten animalia kopurua, baina, gaur-gaurkoz, 300 bat dituzte: "Honako espezie hauek ditugu: usoak, oiloak, ahateak, untxiak, ardiak, ahuntzak, antzarak, zaldiak, astoak, poneyak, txakurrak eta katuak".
Goizean tailer baten egiten du lan, eta haren bikotekidea arduratzen da animalien zaintzaz. "Egunero egoten dira egitekoak"; usoek, esaterako, lan handia ematen dutela dio arduradunak: "Askotan agertzen dira hegoak eta hankak hautsita, eta sasoi honetan, gainera, izaten dira oraindik jaten ez dakiten eta gaixorik dauden usakumeak".
Tximas babeslekuko arduradunen lanaz gain, boluntarioen ekarpena nabarmendu du zestoarrak; izan ere, arduradunarena zein gainontzeko boluntarioena borondatezko lana da: "Proiektu hau da animaliak babesteko eta errespetuz tratatzeko proiektua; ez du etekin ekonomikorik bilatzen. Egoera oso txarretatik etortzen dira animaliak, eta eurentzako jubilazio estiloko bat bilatzen dugu. Hogei boluntario ditugu gaur egun, eta, normalean, asteburuan ibiltzen dira gurekin. Asko laguntzen digute; izan ere, euren ekarpenik gabe proiektu hau ezingo litzateke aurrera eraman".
Zestoatik Bergarara
Animaliekin harreman estua izan du betidanik Artetxek, eta "baserritik bizitzea" izan da haren betiko ametsa. Hango egunerokoak, baina, esan gura du animalia batzuk "hiltegira" eraman behar izatea, eta alderdi hori ezin zuen jasan zestoarrak. Hala, Tximas proiektua sortu zuen Kataluniako eredu batetik abiatuta, eta "untxi batekin hasi zen istorioari geroz eta animalia gehiago batu zitzaizkion, 300 izatera iritsi arte". Zestoako lurrak txiki gelditu zitzaizkien, eta, "bost urtez baserri baten bila ibili eta gero", Bergarara iritsi ziren.
Kontzientziazioa helburu
Egoera txarrean bizi izan diren animalien ongizatea lortzea bada Tximas proiektuaren helburu nagusietakoa, baina herritarrengan kontzientzia piztea ere lehen lerroan jartzen du Artetxek: "Katuak eta txakurrak asko maite ditugu, eta normala da, eurekin bizi garelako. Baina ahuntzek, esaterako, berdin-berdin sufritzen dute eta sentimendu berak dauzkate. Proiektu honi beste beso bat atera diogu gizartea kontzientziatzeko, eta hilero hitzaldiak egiten ditugu".
Tximas babeslekuarekin kontaktuan jarri nahi izanez gero, idatzi refugiozestoa@gmail.com helbidera edo deitu 690 99 19 75 telefono zenbakira.