Bergara Hiria txapelketa irabazi berri –zapatuan torneoko partidu guztiak irabazi zituzten–, Burdinolako jokalariek apenas dute atseden hartzeko tarterik, datozen asteotan klubeko bederatzi jokalari Jacan (Huesca) izango dira eta, Espainiako Federazioak antolatzen duen campusean esku hartzen. Emakumezkoak domekan bertan abiatuko dira, eta hor izango dira Mara Fernandez, Ane Arenaza, Ainhoa Arenaza, Nerea Oroiz eta Deiane Santos. Eta, astebetez entrenatzen ibili eta gero, jarraian, gizonezkoen txanda izango da. Hala, uztaileko azken astean, Espainiako aurretiko hautaketako entrenamenduetan egongo dira Eneko Muñoz, Oier Lopez, Hodei Aranzabal eta Xabier Letona. "Campus horretan egoteko aukeratuak izan dira; horrenbestez, ilusioz joaten dira. Azken baten, maila oso oneko entrenamenduak egiten dituzte bertan; izotz pistan, baliabide guztiak dituzte", dio Burdinolako zuzendaritzako kide Vanesa Tamayok. "Urtean zehar Euskal Federazioak antolatzen dituen teknifikazio saioetara joaten dira jokalari horiek, eta hautatzaileak hortik aukeratzen ditu hockeyko euskal selekzioko kideak, besteak beste, maiatzean izaten den Lurraldeen Arteko Espainiako Txapelketan lehiatzeko. Eta hortik aukeratzen dituzte goi-errendimenduko entrenamendu saioetara joan behar dutenak".
Bergara Hiriarekin pozik
Etxeko torneoa irabazi izanagatik pozik, Burdinolakoek nabarmendu dute emakumezkoei zuzendutako halako torneoak oraindik garrantzitsuak direla. "Kategoria txikietan talde mistoak ohikoak izaten dira hockeyan, eta gaztetxoak direnean maila parekatua izaten dute. Gertatzen dena da, normala den moduan, nagusitzen doazen neurrian mutilak indartsuagoak eta azkarragoak izaten direla, eta, batzuetan, talde mistoetan badirudi neskak betelana egiteko daudela. Horregatik, eurei zuzendutako txapelketak antolatzen jarraitzea garrantzitsua da, kantxan halako ezberdintasunik gabe, eta neskek eskertu egiten dute hori; Bergara Hiria torneoak funtzio hori betetzen du", dio Tamayok.
Pena izan da, zapatuko Bergarako lauko torneoa azkenean hiru talderen artean jokatu behar izan zutela. "Egia da Valladolidekoek beste maila bat dutela, eurak egon izan balira zailagoa izango zen irabaztea, baina neskek oso maila polita erakutsi dute Bergara Hirian, eta oso pozik gaude".