Agirre urtarrilean hasi zen zuzendaritza lanetan, Raul Casalesekin batera, eta bihar izango du aurrean lehen erronka handia. "Urduri samar nago, konpromiso eta ardura handia delako. Nire lehenengo kontzertua da zuzendari moduan", aitortu du.
Zuzendaritza aldaketa Imanol Urzelaik eman zuen pausoa dela-eta etorri da. Urte luzez Aritzeta gidatu ostean, etapa amaitutzat eman nahi zuela adierazi zien abesbatzako arduradunei, eta orduan abiatu zuten ordezkoa lotzeko prozesua. "Hasieran, hainbat aukera zeuden. Pentsatu zen kanpotik profesional bat ekartzea edo barruko norbaitek hartzea ardura. Azkenean, Rauli eta bioi egin ziguten proposamena, eta aurrera egitea erabaki genuen", azaldu du Agirrek.
Ez dira etxera iritsi berriak. Agirrek berak 25 urte inguru daramatza Aritzetan kantuan, eta Casalesek, 15 urte baino gehiago. Horrek, Agirreren esanetan, lagundu egin du trantsizioa samurragoa izaten: "Beldurrik handiena zen jendeak aldaketa zelan hartuko zuen. Halakoetan gerta liteke jendea pixka bat ixtea edo alde egitea. Baina kontrakoa gertatu da. Oso ondo erantzun dute denek, eta, gainera, jende berria ere etorri da. Ez dugu galdu; irabazi egin dugu".
Familia giroko taldea
Gaur egun, 30 bat lagunek osatzen dute Aritzeta Abesbatza. Belaunaldi askotariko kideak elkartzen dira bertan: gazteenak 22 urte ditu eta nagusienak, 70 urte inguru. Agirreren ustez, hori da taldearen indarguneetako bat. Urte luzeetan sortu den giroak ere asko laguntzen duela dio: "Aritzeta beti izan da familia bat. Nik sentitu dudan konfiantza hori oso garrantzitsua izan da pausoa emateko. Gure erronka da orain arte egin denari jarraipena ematea eta jendeak esatea gustura dagoela eta aurrera egin nahi duela".
Denetik izango duen emanaldia
Biharko kontzerturako programa zabala prestatu dute. Charles Villiers Stanforden Heraclitus, Javier Bustoren Esta tierra, Aita Donostiaren Bili bili bonbolo, Xabier Sarasolaren Mendi-goietan, F. Sorhaitzen Amatxo eta Miguel Matamorosen Juramento interpretatuko dituzte. "Pixka bat denetik egongo da. Euskal konpositoreen abesti ezagunak egongo dira, zati erlijiosoago bat ere bai, eta sorpresatxoren bat ere badugu", aurreratu du zuzendariak.
Lehen hilabeteak, "positiboak"
Sei hilabete inguru daramatzate zuzendaritza berrian, eta momentuz balorazioa "ona" dela dio Agirrek: "Gure lehenengo proiektua zelan moldatzen ginen ikustea zen. Lehenengo helburua konektatzea zen, ikustea zelan funtzionatzen genuen elkarrekin, eta, oraingoz, ondo goaz".
Ikasturte amaierako hitzordua
Santa Marinako emanaldia ikasturte amaierako kontzertua da Aritzetarentzat. Kontzertuaren biharamunean bertan beste hitzordu bat izango dute, Bergaran egingo den Alkateen Mugimenduaren ekitaldian parte hartuko baitute, baina, ondoren, oporrak hartuko dituzte. Horregatik, dei egin die herritarrei bihar Santa Marinara joan daitezen: "Entzuleek betiko Aritzeta aurkituko dute. Urte hauetan guztietan egin dugun bidetik joango gara: euskal konpositoreen lanak, kanpoko obrak eta ezagunagoa den piezaren bat".