Bergarako Usondo parkean Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena eta foruen abolizioaren 150. urteurrena gogoratuko dituzte uztailaren 19an. Ekitaldian, "autogobernua eraikitzen, erakunde propioak defendatzen eta euskararen biziberritzean urratsak egiten jarraitzeko" aldarrikapena egingo dute.
Goienak bere ekarpena egingo du, bi efemeride horiek Debagoienean izan duten garrantzia kontuan hartuta. Sakon landuko du gaia, alde batetik, hilaren 16an argitaratuko den Burujabetza iparrorratz ikus-entzunezko erreportaje berezian; eta, bestetik, uztailaren 17ko Puntua aldizkariko erreportaje nagusian.
Ahotsa emango zaie historialariei, Alkateen Mugimenduko kideei eta gaur egungo euskal politikariei, Karlistaldiek ekarritako foruen galeratik gaur egun arteko bilakaera soziopolitikoaren azalpenak eta ikuspuntuak partekatu ditzaten.