Bidaia hau ez dela soilik aisialdirako aukera bat adierazi dute Ndank Ndank elkarteko kideek, "ibilbide luze baten emaitza" baizik. "Ikasturtean zehar, programako hamabi gazteek hainbat dinamika parte-hartzaile egin dituzte bidaiari aurre egiteko finantzaketa lortzeko. Gainera, bidaiaren aurretik, Senegaleko errealitatera behar bezala egokitzeko prestakuntza espezifikoa jaso dute".
Senegalen egingo duten astebeteko egonaldian gazteek "Teranga" (harrera eta abegikortasuna), historia, migrazio-errealitatea eta kultura bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Eta ibilbideari dagokionez, besteak beste bisitatuko dituzte Gorée irla, Joal Fadiuth eta Dionewar.
Esperientzia hori guztia gidatuko dute Ndank Ndank elkarteko bi arduradunek eta Gaztelekuko bi hezitzailek. "Talde osoa ilusio handiz dago abentura berri horri ekiteko, elkartasunean eta elkarbizitzan oinarritutako ikaskuntza prozesu honi hasiera emanez", adierazi dute antolatzaileek.
Eragileen elkarlana
Proiektua errealitate bihurtzeko "ezinbestekoa" izan dela "eragile desberdinen elkarlana". Bergarako Udalak 10.000 euroko diru-laguntza bideratu du programara.
Horretaz gain, bidaiak Fagor Ederlan, Royde eta Bergarako taberna, jatetxe eta denden babesa jaso du. Eta herritarrak ere eskertu gura izan dituzte: "Ezin ahaztu, jakina, herritarrek bidaia hau posible egiteko erakutsi duten sostengua".