Labegaraieta kiroldegian, Bergara Hiria emakumezkoen hockey txapelketa jokatu dute gaur. Burdinola, Street Hockey Gasteiz eta Aragon taldeak lehiatu dira –Valladolidedo CPLV taldea ez da etorri azkenan–. Goizean eta arratsaldean jokatu dituzte partiduak. Burdiñolak, jokatutako laurak irabazi ditu: bi kanpotik etorri diren talde bakoitzaren kontra.
Aurkako taldeari ez ezik, beroari ere aurre egin behar izan diote jokalariek gaur. Halan, arratsaldeko partiduak ohikoak baino laburragoak izatea erabaki dute eta halaxe jokatu dituzte: 20 minutukoak izan beharrean, ordu laurdeneko bi zati jokatu dituzte partidu bakoitzean. Horrez gain, aldiko zazpi minutu oro, hiru minutuko geldialdia, etena, egin dute jokalariek eta epaileek ura edateko.
Burdiñolak irabazi du, beraz, aurtengo Bergara Hiria saria; bigarren sailkatu da Aragoitik etorritako taldea eta Gasteizkoa hirugarren. Bergarako kirol zinegotzia den Olatz Manuelen eskutik jaso du saria talde bakoitzak.
Denboraldiaren amaiera
Horrenbestez, Bergara Hiria sariarekin bukatu du aurtengo denboraldia Burdinola hockey taldeak. Udan, Espainiako aurre selekzioaren entrenamenduetara joango dira hainbat jokalari Jacara; astebeteko campus trinkoa izango da. Oro har, hilabete pasatxoko oporrak izango dituzte Burdiñolako jokalari gehienek, abuztuaren amaieran dutelako aurre denboraldiko lehen torneoa. Denboraldi berrian ez dira, gainera, egun dauden jokalari denak egongo. Gaurko partidua, esaterako, izan da Sua Zangituk Burdiñolarekin "momentuz" jokatu duen azkena. Bilbora doa Zangitu ikasketak egitera eta hango Metropolitano taldean lehiatuko da datorren ikasturtean.