Soraluce UKren sorrera konpainiaren nazioarteko hazkunde-planaren barruko urrats estrategikoa dela azaldu du enpresak. "Horren bidez, Soralucek Erresuma Batuko eta Irlandako industria-merkatuekin duen epe luzerako konpromisoa indartuko du, eta bere teknologia, ezagutza eta bezeroarentzako arreta tokiko fabrikatzaileengana are gehiago hurbildu ditu".
Izan ere, lantegi berriak Erresuma Batuko eta Irlandako bezeroei salmenta, laguntza teknikoa eta salmenta osteko zerbitzua eskainiko dizkie, "harreman estuagoa eta fabrikazio-beharrei erantzun arinagoa" bermatuz. "Gure bezeroei gertuko laguntza eskaintzeko gaitasuna indartuko dugu, aldi berean Soraluce mundu osoan bereizten duten ezagutza, teknologia eta ingeniaritza-gaitasun guztiak mantenduz", adierazi du Oier Elgezabalek, Soraluceko Salmenta Globaleko presidenteordeak.
Soraluce UKren zuzendari nagusia Graeme Thomas izango da. "Eskualdeko makina-erremintaren sektorean ibilbide zabala du, eta fabrikazio aurreratuko industriako bezeroen beharrak sakon ezagutzen ditu", dio Elgezabalek.
Thomasek, era berean, "poz handiz" hartu du ardura. "Erresuma Batuko eta Irlandako merkatuetan presentzia zuzena izateak aukera emango digu gure bezeroekin are hurbilago lan egiteko, haien fabrikazio-erronkei Soralucek eskaintzen dituen mekanizazio-soluzio aurreratuekin eta ingeniaritza-esperientziarekin erantzunez".