Topaketa egin dute Bergarako EAJk eta Venezuelarrak Euskadin elkarteak

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko uztailaren 10a

Solasaldiaren ostean atera zuten talde-argazkia. (Argazkia: Bergarako EAJ).

Venezuelak bizi duen egoera aztertzeko eta haurrei, erreskateari eta osasun arretari zuzendutako dirua biltzeko topaketa egin zuten atzo, eguena, bi eragileek, Bergarako batzokian.

Venezuelak bizi duen egoera eta giza eskubideen eta demokraziaren defentsa ardatz hartuta, topaketa egin dute Bergarako EAJk eta Venezuelarrak Euskadin elkarteak. "Venezuelako herriak bizi dituen zailtasunak" izan zituzten hizpide, "azken hamarkadan giza eskubideen eta erakunde demokratikoen aurka jasandako erasoei" arreta berezia eskainiz.

Era berean, Ana Rodriguez kazetari, gizarte langile eta giza eskubideen aldeko aktibistak; Iñaki Anasagasti senatari ohiak; eta Pedro Gil Venezuelarrak Euskadin elkarteko presidenteak egin zuten berba. "Horren bitartez, herrialdearen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten bertaratutakoek", azaldu dute. Kepa Sebalek egin zituen moderatzaile lanak.

Solasaldiaz gain, diru-bilketa solidarioa egin zuten, "haurtzaroarekin, erreskatearekin eta osasun-arretarekin lotutako hainbat ekimen bultzatzeko".

Bergarako EAJk "giza eskubideen, askatasunaren eta demokraziaren aldeko konpromisoa" berretsi du. Gainera, elkartasuna adierazi dio Venezuelako herriari eta "bakean, justizian eta oinarrizko eskubideen errespetuan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko lan egiten duten pertsona guztiei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak