Urte asko izan dira ostalaritzan. Zenbat, zehazki?
15 urterekin hasi nintzen, Bergarako Deportivo tabernan. 16 urterekin Gurian eta 17 urterekin Zernain lan egin ondoren, Arrasatera salto egin eta Ubide tabernan egin nuen lan.
Eta Pol Polen? Lehenengo, Komenio kalean; gero, Irala kalean. Noiztik noiz arte lokal bakoitzean?
Komenio kalean Pol Pol Mendizale Taldeko elkartea zegoen, eta, halako batean, taberna moduan ireki eta hura kudeatzeko aukera suertatu zitzaidan. 1982an izan zen, eta 2010era arte izan ginen han. 2013an ireki genuen Irala kaleko Pol Pol.
Abuztuaren 4an itxiko duzuela iragarri duzue. Ez dago jarraitu nahiko lukeenik?
Tabernak jarraitzea izan da gure asmo nagusia, baina, saiatu garen arren, ez da jardunarekin jarraituko duen interesdunik agertu, eta itxi beharrean gaude.
Gaurko Pol Poleko lantaldeak ez du jarraitu nahi?
Saiatu gara, bai. Tabernarekin jarraitzeko lehen aukera lantaldekoei eskaini diegu, baina ez da interesdunik agertu.
Urte asko dira, Duni. Zer oroitzapenekin geratzen zara?
Gauza askorekin. Hainbeste urtean denetik gertatu da taberna inguruan, baina, batez ere, jendea aipatu nahiko nuke: bezeroak eta lagunak. Ostalaritzan jendeari zor gatzaizkio, eta ezagututako horiek guztiak gogoratu nahiko nituzke, asko gure artean ez badaude ere.
Unerik onena eta gogorrena?
Onak, asko; eta gogorrak, ere bai. Zaila da bakar batzuk nabarmentzea. Baina imajinatu dezakezue bizi izan ditugun hamarkadekin denetik izan dela.
Komenio kalean, hasierako urte haietan, 1980ko urteetan, kaleak bor-bor zeuden eta Komenio eta Bidekurutzeta kaleak osatzen zuten L formako hartan sei taberna baziren; tartean, baita gaztetxea ere. Sekulakoa izan zen hura, ezta?
Garaiak aldatu egin dira. Mundua asko zabaldu da; lehen, tabernak gizartean nolabaiteko ardatz ziren, baina izaera hori galdu egin dela esango nuke. Tabernak topaleku eta gauza askoren sorgune ziren lehen.
Asko aldatu da gizartea eta Bergara ordutik gaur egunera arte?
Zalantzarik gabe. Herria bera eta gizartea, nola ez!
Zein izan da aldaketa nagusia?
Orain, mundu zabalago batean bizi garela dirudi. Lehen, tabernak jendearekin elkartzeko tokiak ziren, beste askorik ez zegoen eta!
Gaur egungo Pol Polek badauka hasierako haren antzik?
Bada, egia esan, aldatu egin da, gizartea bera aldatu den neurrian. Negozio aldetik ere aldaketa asko izan dira; adibidez, lan-baldintzen hobekuntza.
Hasierako arimari eusten dio?
Saiatu gara eta lehengo ohitura asko mantentzen ditugu. Beti saiatu gara taberna negozio bat izatetik harago herriaren parte izaten, izan kontzertuak antolatuz edo herriko elkarteekin kolaboratuz. Gogora ekarri nahi dut Kojon Prieto y los Huajolotes eta Reincidentes taldeekin izandako harremana, baita ere Taun Taun taldearekin bideratutako ikuskizunak eta urteetan zehar tabernatik pasatutako ipuin-kontalari, antzerki talde eta musikariak. Alaitz eta Maider eta Gozategi ere pasatu ziren Pol Poletik!
Zail egingo zaizu urte hauetan guztietan zuen etxea izan dena ixtea?
Arraroa izango da, bai. Hemendik aurrera, erretiratuak bezala, paseatu, irakurri eta lasaiago bizitzen saiatuko naiz.
Mikel Andoni anaia izan da bidelagun urte hauetan...
Urte asko daramatzat Mikelekin lanean. Hura sukaldari izanda eta nik tabernan izan dudan eskarmentuarekin talde ona egin dugu. Halere, beste anai-arreba batzuekin ere lan egiteko zortea izan dut, eta ezin ditut aipatu gabe utzi azken urteotan asko lagundu diguten Martin eta Ane Miren. Familia osoa eskertu nahiko nuke, eta, nola ez, Bergarako herri osoa, bidea egiten laguntzeagatik!
Abuztuaren 16ko, Bergarako patroi den San Roke eguneko, lagun arteko bazkaria egingo duzue?
Ni erretiratuta egongo naiz eta beste modu batera biziko dut. Lagunekin hitz egin beharko dugu ea animatzen garen halako ohitura polita mantentzera.