Beroak gogor jo zuen Debagoienean ekaineko azken egunetan, eta, freskura handiagoko egun solterik izan bada ere, azkenengo asteetan abaniko gehiago ikusi dira kalean euritakoak baino. Tenperaturak 20 gradutik baino 40 gradutik gertuago dauden egun horietan, ez dago igerilekura joan eta arratsalde osoa uretan igarotzea baino plan freskoagorik, eta horrekin erabat ados egon dira bergararrak; izan ere, ekainaren 12an Agorrosingo igerilekua ireki zutenetik gaur arte, 33.700 sarrera izan dira.
Egun jendetsuak
Beroa gorroto dutenentzat aste gogorrak izan dira azkenengoak. Tenperatura maximoak 40 graduak gainditu ditu hainbat egunetan, baina beste askotan ere kopuru horien bueltan ibili dira. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, ekainaren 22a izan zen azken asteetako egunik beroena Bergaran –tenperatura maximoa 41,6 gradukoa izan zen–, eta hurrengo bi egunetan ere 40 graduak gainditu ziren –41,3 graduko tenperatura maximoak–. Hain zuzen ere, datu horiek bat datoz Agorrosingo igerilekuan jende gehien batu zen egunarekin. Ekainaren 23a izan zen, eta guztira 2.147 herritar egon ziren igerilekuan. Gainera, ekainaren 17an 2.006 pertsona izan ziren, San Juan Egunean, 1.972; eta martitzenean, 1.837. Hala, Bergarako Udaleko Kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk dio igerilekuan noizbait "2.000 pertsonen langa gainditzera" iritsi diren arren "oso arraroa" dela horrenbeste jende batzea, eta are arraroagoa dela hori hainbat egunetan gertatzea.
Ekainaren 23an 2.147 herritar egon ziren igerilekuan; ekainaren 17an, berriz, 2.006
Gainera, abonatu kopuruan ere eragina izan du ekaineko beroaldiak; izan ere, 5.542 bazkide izateraino iritsi ziren. "Uztailean 4.825 abonatu ditugu, baina federatuak direnak kendu egiten ditugulako da hori. Martxotik maiatzera bitartean 4.500 abonatu inguru izan genituen; 1.000 abonatu gehiago izatea dakar horrek. Inoizko abonatu kopuru handiena da guretzat".
Kudeaketan zailtasun gehiago
Kanpoko igerilekua 10:30etik 20:30era egoten da irekita, eta ordu horietan guztietan jende asko igarotzen da handik. Ugarteburuk dio izaten dutela, bereziki arratsalde partean, "toki kontuak direla-eta igerilekura sartzeko txandak egin beharra". Hainbat urte daramatzate sistema horrekin lanean, baina beste urte batzuetan txandak "noizean behin" aktibatzen zituzten; aurten, berriz, "gehiagotan gertatzen ari da sistema martxan jarri behar izatea". Teknikariak dio kanpoko igerilekuaren alternatiba gisa badagoela barruko igerilekura joatea: "Hiru kale bideratu ditugu jolaserako".
Horrenbeste jende ibiltzeak "ardura handiagoz jokatzea" eskatzen duela dio Ugarteburuk: "Sorosleek ohikoa baino arreta handiagoarekin ibili behar dute. Gainera, uraren garbiketa sakonago eta maizago egin behar da. Esfortzu estra bat da".