Aurreko egubakoitzean inauguratu zuen Ane-Mai Höök (Donostia, 2002) artistak Sortu, gorde, berpiztu erakusketa, Aroztegin. Uztailaren 19ra arte izango da bertan, eta astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:30era, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era eta igande zein jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara egongo da ikusgai. Cuencako Sortzaile Garaikideen Zentroan dihardu gaur egun.
Gogoz zeunden zure lanak bergararrei erakusteko?
Gogo handiz nengoen, bai. Orain kanpoan nagoela, aitzakia polita izan da itzultzeko eta, bide batez, jendeak nire lanak ikusi ahal izan ditzan.
Duela gutxi jarri zenuen bakarkako lehen erakusketa; zaila da horrelako pausoak ematea?
Normalean, gradua edo masterra amaitutakoan bakarkako erakusketa bat jarri ahal izatea nahiko zaila izaten da. Masterra amaitu eta kolpetik horrelako bi aukera izanda, zorteko naiz.
La Grieta izeneko estudio eta kolektiboaren parte zara; nola deskribatuko zenuke?
La Grieta guztiok elkarrekin ekoizten ibiltzen garen estudio bat da. Proiektuak ere sortu dira. Erakusketa kolektibo bat egin genuen Marra Gunean [Bilbo]; urrian, esango nuke. Askotariko jendearekin lan egiteko aukera izatea oso aberasgarria da; besteengandik asko ikasten da, eta hori beti da opari bat.
Margogintza jorratzen duzu, baina argazkilaritzarekin estuki lotzen duzu hau; zergatik?
Argazkigintza prozesu bat bezalakoa izan da beti niretzat, erakusketan hori pixka bat aldatu dudan arren. Kamera batekin ibiltzen naiz beti; argazki pila bat atera, eta artxibo bat osatzen dut. Gero, artxiboko argazkiak aukeratzen ditut, eta bertan, argazkiak daukan lengoaia fotografiko hori lengoaia plastiko batera nola eraman pentsatzen dut.
Ezberdina da oinarria argazki bat izatea edo bestelako euskarri bat?
Ezberdina da, bai. Lengoaia oso ezberdina da argazkigintzarena: argiaren erabilera, enkoadraketa zehaztu bat, itzalak, askotan deformazioak gertatzen dira... Argazkigintzarena begirada objektibotzat hartzen da, baina begiarekin ikusten duzunarekiko oso ezberdina da, azkenean beste begi batetik ateratzen delako argazkia. Gertatzen diren aldaketa horietan dut interesa.
Zaila izaten da artxiboko argazkien aukeraketa egitea?
Horrenbeste argazki izaten dira, horrenbeste material dago, lan handia da jakitea zer interesatzen zaidan edo zein puntu eraman nahi ditudan beste alorrera. Horregatik, erakusketa honetarako lan berri bat sortu dut, elkarren ondoan jarritako 300 argazkiz osatua, artxiboari garrantzia emateko. Orain arte, margolanak bakarrik jarri ditut erakusketetan, eta lanaren prozesu hori lan bilakatu nahi izan dut.
Zerk bultzatuta sartu zinen Arte Ederretako graduan?
Nire amak ere Arte Ederrak ikasi zituen, eta, orduan, txikitatik beti ibili izan naiz marrazten. Betidanik izan dut argi Arte Ederrak egin nahi nituela, eta hala izan zen. Nire ahizpa ere Arte Ederrak ikasten ari da; beraz, baliteke familiako kontu bat izatea.
Cuencan zaude gaur egun.
Cuencako Sortzaile Garaikideen Zentroan nago, zortzi hilabeteko egonaldi batean. Artea sortzeko espazio bat da, eta bertan hamar pertsona gaude, zazpi artista eta hiru idazle, elkarrekin bizitzen. Etxea eta janaria jartzen digute, eta gu, bitartean, etengabe ekoizten gabiltza. Sortzen jarraitzeko erresidentzia moduko bat da, nolabait esatearren. Esperientzia itzela da, asko ikasten dugu elkarrengandik; bakarrik lan eginda baino bide gehiago irekitzen dira horrela. Gainera, artea egitea da gure helburu bakarra, ez dugu bestelako buruhausterik, eta ez da artistontzat ohikoa den egoera bat.