Barsanti konpainiak Kodizia late night izeneko kale-antzerkia egingo du bihar, uztailak 11. Munibe plazan izango da emanaldia, 22:00etan hasita, baina eguraldi txarra eginez gero Seminarixora lekualdatuko litzatekeela iragarri dute.
Pako Revueltas bilbotarrak zuzenduta, ezohiko formatu bat dakar Kodizia late night tragikomediak, gaueko telebista-saio baten formatua oinarri izan arren, greziar tragedia moderno baten gisan aurkezten delako. Bertan, denboran barrena egindako bidaia batera gonbidatzen du Barsantik ikuslea, historian zehar gutiziak eta diru-goseak ezaugarritu dituen pertsonaien istorioak arakatzeko asmoz. Umorea eta hausnarketa uztarturik dakar antzezlanak, eta egungo gizartearentzat garrantzizkoak diren gaiak jorratzen ditu; esaterako, osasungintza eta haren merkantilizazioa.