Aurrera jarraitzen du Berumuga jaialdiaren 26. edizioak. Aurreko astean Kataluniako Koko-Jeans & The Tonics taldeak Espoloia soul doinuz bete ostean, bluesak hartuko du gaur protagonismoa, Jackie Venson estatubatuarraren eskutik. Espoloian izango da emanaldi hori ere, 22:00etan hasita.
Biharra gaur
Etxetik datorkio musikarekiko pasioa texastarrari. Aita, Andrew Venson, 40 urtez ibili zen musikari profesional lanean, erretiroa hartu zuen arte, eta Jackie Vensonek berak ere Berklee Musika Eskola unibertsitatean ikasi zuen; konposaketan eta ekoizpenean espezializatu zen.
Estudioko bost disko argitaratu ditu, eta etengabeko garapenean jarraitzen duela nabarmendu dute Berumugako kideek. Antolakuntzan diharduen Gaztelupeko Hotsak-eko Ubane Uzinek azaldu duenez, etorkizuneko artista handienetako bat da Venson: "Ameriketako Estatu Batuetatik dator, eta momentu honetan bertako blues-rock estiloan artista emergente bat da, azal guztietan dago. Aurten ekarri beharra zegoen; izan ere, datorren urtetik aurrera beste maila baten egongo da. Hori da Berumuga: eszenatoki handietara igo aurretik Bergarara ekartzea".
Beste bi emanaldi
Espoloiak ez du deskantsurik izango, eta beste bi emanaldi gehiago izango dira jaialdiaren barruan, biak 22:00etan hasita. Hilaren 17an, Kataluniako Soul Station izango da; eta 24an, Valentziako Maria Carbonell Blues Mood Band.