Aurtengo Emakumezkoen Bergara Hiria hockey txapelketan lau taldek hartuko dute esku: CPL Valladolid –aurtengo Espainiako eliteko ligako irabazlea–, Aragon taldea, Street Hocky Gasteiz eta etxeko talde Burdinola –Euskadiko Kopako irabazlea–. Aurkezpen ekitaldian, Bergarako Udaleko Kirol Zinegotzi Olatz Manuel Ezenarro, Mara Fernandez eta Ane Arenaza jokalariak eta Burdinolako zuzendaritzako kide Vanesa Tamayo batu ziren, eta torneoaren gaineko xehetasunak eman zituzten.
Egun osoko egitaraua
Hockeyaren bueltan antolatutako egitaraua gaur hasiko badute ere, Bergara Hiria torneoa zapatuan jokatuko dute, 09:00etatik 19:00etara. "Taldeen arteko ligaxka bat antolatuko dugu, eta talde bakoitzak hiru partida jokatuko ditu", adierazi du Mara Fernandez jokalariak. Eta, txapelketarako faborito zein den galdetuta, Burdinolako bi jokalariak ez dira izenik esatera ausartu, baina bai nabarmendu dute torneoa bereziki ikasteko baliatu nahi dutela eurek.
Kirol gutxitua
Burdinola Hockey Klubak urteak daramatza askorendako oraindik ezezaguna den kirol hori herritarrei hurbiltzen. "Gainera, ahalegin berezia egiten dugu emakumezkoen hockeya sustatzeko. Bestalde, txapelketa hau ez da lehiaketa bat bakarrik. Gure helburua emakumezko jokalariei kalitatezko jardunaldi bat eskaintzea da, hockeyan parte hartzera eta federatutako lehiaketan aritzera animatzea, eta, aldi berean, emakumezkoen kirolari eta emakumearen presentziari ikusgarritasun handiagoa ematea", adierazi du Vanesa Tamayok.