Denboraldi asko daramatzazu Eibarren. Atzera begiratuta, zer eman dizu talde horrek?
Asko lagundu dit. Ia zortzi urte daramatzat Eibarren, Genuine Ligan, eta hemen laguntasunak eta konpromisoak garrantzi handia dute. Lagun asko egin ditut, eta hori da politena. Lehiaketari dagokionez, 52 talde gara, eta aukera ematen digu jende asko ezagutzeko.
Zer du berezia liga horrek zuretzat?
Bereziena da lehiaketa pixka bat albo batera uzten dugula, eta harremanei ematen diegula garrantzi handiena. Epaileari laguntzea, aurkari bat erortzen bada altxatzen laguntzea... Horrelako balioak dira benetan garrantzitsuak.
Zer sentitzen da Bigarren Mailako klub baten elastikoa janztean?
Eibarren elastikoa janztea oso berezia da. Izan ere, Eibar oso klub apala da, eta ia zortzi urte daramatzat hemen. 25 urte ditut, eta gustatuko litzaidake urte askoan elastiko hori janzten jarraitzea. Ezkutu honek balio handia dauka niretzat, eta beti ematen dut ahal dudan guztia, bai zelaian, bai zelaitik kanpo.
Nolakoak dira ligako balioak?
Laguntasuna da garrantzitsuena. Gero, irabazi edo galdu, denok nahi dugu ondo lehiatu eta gure onena eman. Elkarri laguntzen badiogu, dena askoz hobeto ateratzen da.
Zer esango zenioke lehen aldiz Genuine Ligako partida bat ikustera doan norbaiti?
Esango nioke agian ez duela ohiko futbolaren lehiakortasun bera ikusiko, baina bai beste futbol mota bat. Guk ere irabazi nahi dugu, noski, baina balioak oso presente daude. Jendeak asko disfrutatzen du gu ikusten.
Horretaz gain, kontatu izan duzu bullying-a jasan zenuela, eta Eibarrek asko lagundu dizula. Zer izan da aldaketa horren gakoa?
"Bullying'-a jasan nuen, eta Eibarrera etorri izan ez banintz ez nukeen aldaketarik lortuko".
Eibarrek asko aldatu nau. Taldera iritsi nintzenean 110 kilo pisatzen nuen, eta 14-15 urterekin oso gaizki pasatu nuen. Familiak asko lagundu zidan, baina Eibarko staff teknikoak ere bai. Dieta bat jarri zidaten, eta ni ere nire kabuz hasi nintzen lanean, ezin nuelako horrela jarraitu. Jende askoren laguntza izan nuen, eta Eibarrera etorri izan ez banintz, ez nukeen aldaketa hori lortuko.
Zer mezu bidaliko zenioke antzeko egoera bizi duen gazte bati?
Helburu bat izatea oso garrantzitsua da. Helburu hori egunero pixkanaka lortzen saiatzen bazara, azkenean iristen zara. Niri horrek asko lagundu zidan gaur egun naizena izaten. Pauso bakoitzak balio handia dauka.
Entrenatzaile ere aritu zara, eta epaile lanetan ere aritzen zara...
Aurten, entrenatzaile izateari utzi diot, eta epaile lanetan ari naiz. Gipuzkoako Federazioan federatuta nago, eta hor egin nahi dut bidea. Epaile-lana asko gustatzen zait; oso zaletasun polita da. Zelaian oso adi egon behar da, bestela partida zaildu egiten da. Kanpotik, askotan, gauza asko entzuten dira epaileen inguruan, baina beti saiatzen naiz ondoen lan egiten.
Entrenatzaile moduan, zer balio transmititzen zenien gazteei?
Bost urtez aritu naiz entrenatzaile, kadete eta gazte mailetan, neskekin eta mutilekin. Beti saiatu naiz futbola nire ikuspegitik erakusten. Niri ere irabaztea gustatzen zait, baina dena ez da irabaztea. Laguntasuna eta taldea egitea dira garrantzitsuenak. Talde sendo batekin helburuak lortzea errazagoa da.
Azkenik, ze helburu dituzu?
Eibarren jarraitu nahiko nuke, gustura nago eta ez nuke ezer aldatuko. Eta epaile bezala ahalik eta urrunen iritsi nahi dut.