Bergarako jeltzaleek hedabideetara bidalitako oharrean irakur daitekeenez, datuek "errealitate kezkagarri" bat islatzen dute. "Inguruko udalerriek aurreko agintaldian bakarrik lortu dituzten kopuruak honako hauek dira: 1,8 milioi euro Soraluzek, 3 milioi Arrasatek; eta 2 milioi Oñatik. Bergarak ez du lortu euro bakar bat ere erakartzea deialdi horietatik. Gainera, udaletik kanpoko enpresetan 10.000 euro baino gehiago gastatu dira erakartze-saiakeran", azaldu dute.
Gaineratu dute kostuen eta prezioen igoerak udalerri guztiei eragin diela neurri berean. "Hala ere, tokiko gobernuak behin eta berriz erabili ditu kanpoko faktore horiek haien mugak eta Bergararako proiektu estrategikoetan aurrerapausorik ez egotea justifikatzeko aitzakia gisa".
Kepa Sebal Bergarako EAJren udal bozeramaileak adierazi du ez dela nahikoa kanpoko faktoreei "etengabe" errua botatzea, horiei aurre egiteko tresnak daudenean, haren esanetan. "Beste administrazio batzuek erakutsi dute ondo prestatutako plangintza, lan eta proiektuekin posible dela Europako finantzaketa lortzea udal zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko. Arazoa ez da aukera falta, kudeaketa falta baizik".
Sebalek nabarmendu du plangintzarako gaitasun handiagoa duen Udal baten beharra duela Bergarak, "deialdiak aurreratuko dituena, proiektu estrategikoak prestatuko dituena eta Bergararen interesak defendatuko dituena erakundeen aurrean".