Aitor Garitano: "Pena handia izan zen kontzertua osorik eman ezin izana"

Eki Letona Erretolatza 2026ko uztailaren 3a

Aitor Garitano tenorea. Argazkia: Aitor Garitano.

Joan den zapatuan, ekainak 27, Bilboko Orkestra Sinfonikoak aire zabaleko kontzertu berezia eman zuen Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrealdean, Foru Jauregiaren 125. urteurrenaren harira. Iaz eguraldi txarragatik bertan behera geratu zen emanaldia, baina aurten ere euriak ez zuen kontzertua osorik amaitzen utzi. Bertan parte hartu zuen Aitor Garitano (Bergara, 2000) tenoreak. Kontzertuaren nondik norakoak eta datozen hilabeteetako egitasmoak azaldu dizkio GOIENAri.

Zergatik atzeratu behar izan zen kontzertua?

Iaz, 2025ean, egin behar genuena zelako. Bizkaiko Foru Jauregiaren 125. urteurrena ospatzeko antolatu zen, baina eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan genuen. Aurreko urtean, Lorea Lopez sopranoarekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin bost kontzertu eman genituen udan, Lekeition, Bermeon, Getxon, Zallan eta Nanclares de la Ocako espetxean, programa sozial baten barruan. Esperientzia haren ondoren, urteurrena ospatzeko kontzertu bera aire zabalean errepikatzeko proposamena jaso genuen.

Nola iritsi zitzaizun berriz ere proposamena?

Iaz bertan behera gelditu zenean, pentsatzen genuen hor amaituko zela kontua, baina bitartean nire ibilbidearekin jarraitu nuen, hainbat kontzertu eta ekoizpenetan parte hartuz; tartean, Jerezen eta Osloko Operan. Handik hilabete batzuetara, Bilboko Orkestra Sinfonikoko arduradun Iñigo Alberdik deitu zigun, kontzertua berreskuratzeko proposamenarekin. Horrela, ekainaren 27rako prestatu genuen berriro, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Koral Elkartearekin, Lorea Lopezekin eta nirekin, Jon Malaxetxebarria zuzendari zela.

Aurten ere eguraldiak baldintzatu du. Zer gertatu zen?

Entsegu guztiak primeran joan ziren, eta kontzertua ere ondo hasi zen. Baina, erdialdera, euri tantak hasi ziren, eta, protokoloari jarraituz, musikarien instrumentuak babesteko eta segurtasuna bermatzeko, emanaldia eten egin behar izan genuen. Programa moldatu egin zen eta erdia baino ezin izan genuen eskaini. Pena handia izan zen, kontzertu oso erakargarria zelako eta errepertorio berezia prestatu genuelako.

Zein izan zen programaren berezitasuna?

Euskal ondare lirikoa izan zen ardatza. Jesus Guridiren El caserío eta La meiga zarzueletako zatiak interpretatu genituen, baita Mirentxu operako erromantzak eta Jose Maria Usanditzagaren Mendi Mendiyan obrako pasarteak ere. Programa oso polita zen, eta testuinguruak berezi egiten zuen. Horregatik pena handiagoa.

Horrelako musikariekin eta proiektuetan lan egiteko aukera izatea ohorea da niretzat

Zer da Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin aritzea?

Oso esperientzia aberasgarria da. Bilboko Orkestra Sinfonikoa maila handiko orkestra profesionala da, ibilbide luze eta garrantzitsukoa. Horrelako musikariekin eta proiektuetan lan egiteko aukera izatea ohorea da niretzat.

 

Zeintzuk dira datozen hilabeteetako erronkak?

Agenda nahiko beteta daukat. Uztailaren 4an Arabako Orkestra Sinfonikoarekin kontzertua emango dut Gasteizko Kontserbatorioan. Hurrengo egunean Suitzara joango naiz, Basileara, eta Friburgon kontzertua emango dugu uztailaren 8an. Itzuleran, uztailaren 12an, Deban emango dut kontzertua. Ondoren, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak antolatutako akademian irakasle izango naiz aste batez, eta tarte horretan beste kontzertu bat ere emango dut, Azpeitian. Abuztu hasieran Zumaian ere kantatuko dut. Irailetik aurrera ere hainbat konpromiso ditut lotuta, eta Gabonetara begira agenda pixkanaka betetzen ari da; gure lanbidean beti da albiste ona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak