Herriko haurrei eta gazteei aisialdi euskalduna eta hezitzailea eskaintzeko antolatu ditu udaleku irekiak Jardun Euskara Elkarteak. 2014 eta 2021. urteen artean jaiotako 322 haurrek eman dute izena, eta 41 hezitzaile ari dira lanean, Bergarako erdigunean, Angiozarren eta Osintxun banatutako taldeetan. Jardun Euskara Elkarteko Saioa Garitanok adierazi du haurrek "jarduera askoz" gozatzeko aukera izango dutela.
Lehen aste honetan jarduerak bideratuta egongo dira haurrek konfiantza hartu eta elkar ezagutu dezaten
Azaldu duenez, lehen aste honetan jarduerak bideratuta egongo dira haurrek konfiantza hartu eta elkar ezagut dezaten, eta ekintza guztiek "bizikidetzan, euskararen erabileran eta hezitzaile izatean" egingo dute azpimarra, haien esanetan: "Balio horiek lantzeko jarduera mordoa antolatu ditugu udalekuetan. Esaterako, eguneko irteerak, herrian bertan egindako ekintzak, jolas kooperatiboak, erronkak eskatzen dituzten jolasak eta herriko jendearen laguntza behar duten jolasak".
Kirolaz gozatzeko aukera
Oporretan ere "kirolaz gozatzeko" aisialdirako aukera abiatu du Bergarako Udalak, kirol campusarekin. 2013 eta 2017 artean jaiotako 206 haurrek eman dute izena udalekuetan, eta hasiera "ona" izan duela adierazi du Iñaki Ugarteburuk, Bergarako Udaleko Kirol zerbitzuburuak. Adierazi duenez, "piraguismoa, ur jolasak, atletismoa, eskalada, eskubaloia, saskibaloia, irristaketa, hockeya, errugbia, boleibola, badmintona, pilota, txirrindularitza, mendi irteerak" eta beste kirol ekintza asko landuko dituzte; hain zuzen, "Bergarako ikastetxeetako herritarrak nahastuta, haurrek opor aktiboak izan dezaten eta, euskara ere ardatz, askotariko kirol modalitateak praktika ditzaten".
Campus teknologikoa abian dago aste honetan Laboratorium museoan; gaur da azken eguna
Horretarako, besteak beste, herriko Agorrosin kirolgunea, Labegaraieta kirolgunea, udal pilotalekua, Ipintza institutuko kirolguneak eta boluko pilotalekua erabiliko dituzte ekintzetarako.
Laboratoriumeko campusak
Aurtengo udako jardueretako berrikuntza izan da Laboratorium museoan egiten ari diren bi campusak. Alde batetik, udaleku zientifikoak abian jarri dituzte. Berrikuntza eta jakin-mina erdigunean jarrita, 8 eta 11 urte arteko haurrek zientzialari izateko aukera izango dute bi astez.
Izan ere, astronomia, kimika, biologia eta ingeniaritza landuta, esperimentuak eta erronka praktikoak egingo dituzte. Bestetik, campus teknologikoaren azken eguna da gaur, eta Miguel Altuna zentroak gidatuta, 12 eta 14 urte bitarteko gazteek teknologia sortzeko eta ulertzeko aukera izan dute, diseinu digitalean, mekanikan, elektronikan eta halako arloetan astebetez murgilduta.
Hondar-tailerra eguaztenean
Andoni Bastarrika hondar-eskultore azpeitiarrak tailer bi emango ditu datorren eguaztenean. Lehen saioa udaleku irekiekin lotuta egongo da, eta goizean zehar izango da, Seminarioko jolastokian. Bastarrikak harea manipulatzen irakatsiko die udaleku irekietako LHko 3, 4, 5 eta 6. mailetako haurrei. Ondoren, 16:30etik 18:30era, tailer berbera egiteko aukera izango dute adin txikiagoko haurrek.