Egindako proposamenen artean dago Plan Iraunkor bat egitea gune horietako mantenua egiteko, hala nola, errepideak kontserbatzeko, ertzak garbitzeko, baso-pistak mantentzeko, seinaleak berritzeko edo hondakinak biltzeko eremuak hobetzeko lanak modu egonkorrean programatu ahal izateko. Urte anitzeko plana garatzea ere planteatu dute ur-hornidurako sarea zabaltzeko, premien, bideragarritasun teknikoaren eta onuradun kopuruaren arabera jarduerak lehenetsiz. Proposamenak aurreikusten du urteko partida ekonomiko bat gordetzea edateko uraren sarea pixkanaka zabaltzeko eta beste administrazio batzuekin lankidetzan aritzeko formulak aztertzeko, iturburu pribatuetatik datorren uraren kontrolari buruzko araudi berriak ekarriko duen eragin ekonomikoa murrizteko.
Hirigintza-araudiari buruzko hausnarketa bultzatu nahi dute baserriak birgaitzea eta egungo beharretara egokitzea errazteko. Asmoa litzateke malgutasun handiagoa aztertzea baserri beraren barruan etxebizitza berriak egin ahal izatekom belaunaldien arteko erreleboa errazteko, eraikinak eraginkortasun energetikoaren irizpideetara egokitzeko eta landa jarduerarekin bateragarriak diren erabilera berriak ahalbidetzeko.
EAJren helburua da gazteek landa auzoetan bizitzen jarraitzea. Horregatik, Gipuzkoako beste udalerri batzuetan dagoeneko garatu dituzten esperientziak aztertu nahi dituzte eraikin publikoak edo gutxiegi erabiltzen direnak birgaitzearen bidez, gazteentzako alokairuko etxebizitzetara, coworking-guneetara, erabilera anitzeko aretoetara eta auzoetako bizitza dinamizatzen lagunduko duten beste zerbitzu komunitario batzuetara bideratzeko.
Kepa Sebal Lazpiur EAJ-PNVk Bergarako Udalean duen bozeramaileak adierazi duenez, "landa-auzoak Bergararen nortasunaren parte dira, eta unean uneko gorabeherak konpontzetik askoz harago doan plangintza egonkorra behar dute. Beharrezkoa da egunerokotasuna zaintzea, baina baita etorkizuna prestatzea ere".