Urtebeteko ibilbidea ospatzen ari dira gaur, zapatua, Ziegako kideak. Goizetik gauera arteko egitaraua prestatu dute horretarako, eta, ez dira gutxi izan Kartzela Zaharrera gerturatu direnak eguneko lehen ekintzez gozatzeko. "Nahi dugu erakutsi zer nolako garrantzia izan duen Ziegak urte honetan: aldarrikatzea urtebete daramagula martxan egitarau desberdinak aurrera eramaten", nabarmendu du Eider Elorzak, Ziega Gazte Asanbladako talde motorreko kideak.
Patata Tortilla Lehiaketa, Marianitada Usoa tabernan eta bazkaria egin dituzte goiz partean. Oraingoz, egun "borobila" izaten ari dela adierazi du Elorzak: "Bide honetan nahi dugu herria bera gurekin inplikatzea eta bergararrek egitarauan parte hartzea. Nahiz eta aisialdiaren bueltan antolatu ditugu egitarauko ekintza gehienak, guretzat oso garrantzitsua da jendeak ez ahaztea zer den kartzela zaharra eta zer den Ziega".
Urtebeteko bidea
Bergarako gazteak kartzela zaharrean aske eta modu autogestionatuan antolatzeko helburuarekin sortu zen Ziega Gazte Asanblada duela urtebete. Antolatzaileek azaldu dutenez, 2025eko uda aurretik egindako afari batean sortu zen ideia, eta une horretan sortu zen gazte asanblada eratzeko ideia.
Hasiera batean ez zekiten zer nolako babesa izango zuen asanbladak herrian, baina, ordutik aurrera antolatutako ekintzekin eta jarduerekin taldeak denbora gutxian aurrerapen handiak egin dituela adierazi du gazte asanbladako talde motorreko kideak: "Nik uste dut tendentzia berri bat sortu dugula Bergaran jendea Gaztetxera gerturatzeko eta beraiena dela ere sentitzeko. Eta norberak izan ditzakeen proiektuak, ideiak, ekarpenak libreki egiteko toki bat sortu da Ziegaren bitartez".
"Besoak zabalik" belaunaldi berrientzako
Ospatzeko eguna izan da Gazte Asanbladako kideentzat, baina aisialdirako ekintzekin batera, gogoratu dute oraindik "lan asko" dagoela egiteko. Aurrera begira, Elorzak adierazi du "jende gaztea eta belaunaldi berriak" Ziegara etortzea dela etorkizuneko helburu nagusietako bat: "Beraien proposamenak aurrera eramatea asanbladen bitartez, eta aisialdirako espazio eta espazio politiko bat izatea Ziega; benetan herrian ekarpenak egitea eta Bergarako gazteen interesak eta beharrak asetzeko asanblada bat sortzea".