Bergarako IAT-an hiru greba egun deitu dituzte, lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuz

Koldo Zubia Salas 2026ko ekainaren 26a

Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoa.

Bergarako (IAT/ITV) langileen ELA eta LAB sindikatuek deituta, hiru greba egun egingo dituzte ekainaren 29an eta uztailaren 8an eta 10ean. Enpresa-batzordeak salatu du lan hitzarmen berria negoziatzeko egindako bileretan ez dela aurrerapenik izan.

Bergarako Itasuako ELA eta LAB enpresa-batzordeak jakinarazi duenez, hiru greba egun egingo dituzte: ekainaren 29an eta uztailaren 8 eta 10ean, hain zuzen. Diotenez, "sei negoziazio-bilera" egin dituzte zuzendaritzarekin, baina bi aldeen arteko jarrerak ez dira hurbildu. Gainera, salatu dute azken enpresa proposamenetan, absentismoa argudiatuta. "atzerapausoak" eman direla,  langileek jasotzen duten bonuaren baldintzak okertuz.

Batzordearen esanetan, helburua da Bergarako langileen lan-baldintzak inguruko antzeko enpresetakoekin "parekatzea". Gaur egun, soldatetan, lanaldian eta bestelako baldintzetan "alde handiak" daudela diote, eta enpresak egoera hori zuzentzeko gaitasun ekonomikoa baduela uste dute. Horregatik, negoziazioa desblokeatzeko eta lan-baldintzak hobetzeko neurriak eskatu dituzte. Zarautzen ere egingo dituzte lanuzteok, kasu horretan ELAk deituta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak