2018an sortu zuten Xabier Iñurrieta Odriozolak –gitarra-jolea eta ahotsa–, Alatz Etxebarriarteun Lopezek –gitarra-jolea eta ahotsa–, Julen Garmendia Mujikak –baxu-jolea eta koruak– eta Antxon Arregi Iturbek –bateria-jolea– Bergarako goiko estazioko entsegu-lokaletan batzen den Golden Blend taldea. "Oso argi daukagu musika talde bat baino lehenago lagun taldea garela, eta taldea biltzeko aitzakia bat dela musika; hortik aurrera, etortzen den edozeri irekita gaude", diote taldekideek.
Bonben zaldunak lana argitaratu zuten 2023an, eta orain dela egun batzuk, 1/2 izena duen bigarrena."Aurrerapauso bat ematera bultzatuko gaituen disko bat grabatzen saiatu gara, bai soinu aldetik eta baita teknika aldetik ere. Bergarako Auryn estudioan grabatu genuen, Tristan Iñiguezekin, otsailean".
Sei kantu berri, euskaraz
Euskaraz abestutako sei kantu berri batzen ditu diskoak, eta, taldekideen esanetan, "rockeroagoak" dira: "Erritmo bizkorragoak eta gitarren pisu handiagoa daude, orokorrean. Horretaz gain, ahotsei pisu handiagoa eman zaie, ahots-teknikari dagokionez eta baita ekoizpenari begiratuta ere; eta estribilloak aberasgarriago egiteko saiakera egin dugu. Instrumentuei dagokienez, gitarrek eta baxuak pisua irabazi dute eta askoz espazio handiagoa daukate, bi gitarrak elkarren artean gehiago bereiziz eta espazio oso handi baten egongo balira moduan. Paneoekin ere jolastu gara, soinu batzuk ezkerretik eskuinera mugituz kantetan zehar, aurrez aipatutako espazioaren ideiarekin jolasten jarraitzeko".
Gai introspektiboak lantzen dituzte kantuetan –kezkak, barneko minak, beldurrak....–: "Disko honetan, bereziki, nork bere ikuspuntutik bada ere, denboraren joanari buruz egiten dute berba guztiek oinarrian. Gure lagun batek dio haztea edaten hastea dela; hortik kanten izenak: parrandarekin eta edari alkoholdun batekin daude lotuta".
Sarean entzungai
Ez dute formatu fisikoan ateratzeko asmorik, eta, oraingoz, ez dute bideoklipik argitaratzeko presarik, baina dagoeneko entzungai daude askotariko plataformetan; esaterako, Youtuben, Tidalen eta Apple Music-en, eta laster Doinu aplikazioan egongo direla iragarri dute.
Bihar, Durangon kontzertua
Landako gunean, Munduko arrozak ekitaldiaren baitan, egingo dute bihar, 17:00etan hasita, lan berriaren estreinako kontzertua. "Gogotsu" daude biharko, eta ari dira kontzertu gehiago lotzeko ahaleginetan.