Egun osoko egitarauarekin ospatuko du urteurrena Ziega Gazte Asanbladak bihar

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 26a

Gazte Asanblada aurkezteko egin zuten Gazte Eguna. ziega

Urtebete igaro da Bergaran Ziega Gazte Asanblada sortu zenetik, eta egun osoko egitarauarekin ospatuko dute urteurrena, bihar, kartzela zaharrean. Gaur itxiko da bazkarian eta zenbait ekintzatan izena emateko epea

 "Oso urte positiboa" izan dela dio Ziegako kide Haizea Bengoak: "Aurreko ikasturtean sortu zen, eta, ordutik, aurrerapen handiak egin ditugu. Ikasturtean zehar hainbat ekintza eta jarduera antolatu ditugu; batzuk aisialdiarekin lotutakoak izan dira, eta beste batzuk hausnarketarako eta eztabaidarako espazioak sortzera bideratu ditugu. Pozik gaude, gainera, profil askotariko gazte askok parte hartu dutelako eta asanbladara hurbiltzeko interesa erakutsi dutelako".

Aurrerapausoak badaude

Hastapenetan ikusten zuten gazteek gaztetxearekin zuten harremana oso mugatua zela. "Kasu askotan, kontzertuetara edo ekitaldi puntualetara joateko espazio gisa ikusten zuten, baina ez beren espazio bezala, ezta beharrezkoa zen topagune edo antolakuntza tresna gisa ere", azpimarratu du Bengoak. Horregatik, ikasturtean zehar saiatu dira egoera hori aldatzen, "gazteei bertan parte hartzeko eta beren ekarpena egiteko aukera eskainiz". Aurretik bide luzea daukatela adierazi duten arren, aurrerapausoak nabaritu dituzte, gazteak gerturatu direlako, jardueretan parte hartzen dutelako eta espazioa bere egiten ari direlako: "Atxikimendu hori sendotzea eta gazte gehiagorengana heltzea da gure erronka nagusietako bat, gaztetxea Bergarako gazteentzako erreferentziazko espazio bat izan dadin".

Datorren urtera begira ere asanblada aktibo mantendu nahi dute, eta hasierako helburuetan sakontzen jarraitu. Horretarako, jende berriarengana iritsi behar dutela diote: "Ziega ez dadila talde finko bat soilik izan, baizik eta Bergarako gazteen parte-hartze eta antolakuntzarako tresna".

Urteurreneko jaia

"Ospatzeko moduko lorpena" dela azaldu du Bengoak: "Urte honetan zehar lan handia egin dugu, jende berria batu da proiektura eta hainbat ekimen aurrera eramatea lortu dugu; horregatik, urteurrena elkarrekin ospatzeko egun berezia antolatu nahi izan dugu". Helburua da giro atseginean elkartzea, orain arte egindako bidea ospatzea eta gazteen arteko harremanak sendotzea. Horregatik, herriko gazte guztiak animatu dituzte kartzela zaharrera joan eta urteurrena guztiek batera ospatzera. Gaur da ekintzetan izena emateko azken eguna –labur.eus/sdupfhjr–.

Egitaraua

Honakoa da zapaturako antolatu duten egitaraua:

  • 11:00 Patata-tortilla Txapelketa.
  • 13:00 Pintxada Payne-ren eskutik.
  • 15:00 Bazkaria gaztetxean.
  • 19:00 Karropoteoa.
  • 23:00 Kuadrillen arteko DJ Txapelketa.

Izen eman behar da lehiaketak eta bazkarirako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak