Bergaran askok Aitor izenez ezagutzen zaituzte. Nondik dator?
Esango nuke Aitor izena nire arreba txikiena jaio ondoren sortu zela. Leire eta Jone deitzen dira, hain zuzen ere, eta haiek euskal izenak dituzte. Ni txikia nintzenean, gurasoei galdetu nien ni berriz jaioko banintz zein izen jarriko ote zidaten, eta Aitor izango zela esan zidaten. Hori jakinda, ikastolan ikasle berri bat etorri zen, eta, nor bere burua aurkezteko orduan, nik esan nion nire izena Qingyu zela, baina nahi izanez gero Aitor deitzeko. Horren harira, ikastolan Aitor deitzen hasi ziren, eta, ondoren, Bergara osora zabaldu zen.
Qingyu ala Aitor, zein sentitzen duzu zureago?
Egia esanda, agian, orain dela 5-6 urtera arte, unibertsitatea hasi aurretik, berdin zitzaidan Aitor edo Qingyu izatea. Baina ez dakit zergatik, unibertsitatea hasi eta gero, gehiago gustatzen zait Qingyu, nire txinatar izena, eta, orduan, nireago dudala esango nuke.
Duela 12 urte esan zenuen Txina baino Bergara nahiago zenuela. Gaur ere berdin erantzungo zenuke? Zergatik?
Orain dela 12 urte, seguru aski, Txinara joan gabe nengoen, edo behin bakarrik joanda. Txinan lehen aldiz izan nintzenean, ez nekien nora joan; leku ezezaguna zen, eta, agian, beldurra ematen zidan. Horregatik, bere garaian Bergara aukeratu nuen. Gaur egun, ez dakit zein aukeratuko nukeen. Bizitzeko, agian, Euskal Herria aukeratuko nuke, baina oporretarako, berriz, Txina.
Bergaratik kanpo bizitzera joan beharko bazenu, zer igarriko zenuke gehien faltan?
Ez zait tokatu Bergaratik kanpo bizitzea. Bizitza osoa eman dut Bergaran, eta ikasketak Arrasaten egin ditut; beraz, beti gertu ibili naiz. Kanpora joan beharko banu bizitzera, familia eta lagunak igarriko nituzke faltan, eta, batez ere, arreba txikiei egiten dizkiedan txantxak.
Bi kultura bizi izan dituzu gertutik: zein ohitura eramango zenuke batetik bestera?
Txinan dagoen ohitura on bat goiz afaltzearena da. Normalean, 18:00 inguruan afaltzen da, eta gero, 19:00etan jendea kalera irteten da ibiltzera edo dantza egitera. Batez ere, nagusiak plazetan elkartzen dira eta dantza moduko kirol bat egiten dute. Uste dut Txinan gaueko bizitza polita dagoela, zentzu onean. Ez naiz diskotekez hitz egiten ari; gaueko bizitza osasuntsua dago. Euskal Herrian, berriz, nik uste dut ezinezkoa dela hori, 21:00etan afaltzen dugulako.
Nola aurkeztuko zenuke zeure burua ezagutzen ez zaituen baten aurrean?
Qingyu musika asko gustatzen zaion gazte bat da, eta musikarekin zerikusia duen edozertan parte hartzeko prest dagoena: kantatzen, instrumenturen bat jotzen edo antzerkia egiten.
Zerk egiten zaitu harro gaur egun?
Harro sentiarazten nauen gauza bat da Ingeniaritza atera dudala. Egia da zail samarra egin zaidala eta, horren ondorioz, apur bat luzatu dela. Lehenengo urteetan gradua uzteko asmoa nuen, baina, azkenean, pazientziarekin lortu dut ateratzea.
Qingyu gazteagoari ze aholku emango zenioke?
Txinera ondo ikastea aholkatuko nioke. Hitz egiten ondo moldatzen naiz, baina irakurtzeko eta idazteko zailtasunak ditut.