Bergarako Udalak San Martin azokako postuak eta odoloste txosna esleitzeko deialdia ireki du

Aitor Agiriano Arrese 2026ko ekainaren 24a

Azoka 2026ko irailaren 12an egingo da, 9:30etik 14:30era, eta gehienez 48 postu jarriko dira; horietatik 46 elikagaien salmentarako eta 2 landare apaingarrientzat. Postua eskuratu nahi duten ekoizleek eskaera aurkez dezakete dagoeneko; epea 2026ko ekainaren 24tik uztailaren 9ra izango da.

Feriaren barruan barazki, fruta eta gazta lehiaketak egingo dira, eta parte-hartzaileek postu bat eskuratzeko lehentasuna izango dute. "Feriaren helburua bertako nekazaritza eta elikagaien ekoizleak ezagutaraztea eta haien lanaren eta produktuen kalitatea balioan jartzea da, baita inguruko ekoizpen aniztasuna erakustea ere", adierazi dute Udaletik; eta, gaineratu, feriara etorriko diren barazki eta fruta ekoizleen dietak egokitu egingo direla: "sarirako eman izan den dirua kopurua modu ekitatiboan banatuko da ekoizle guztien lana aitortzeko. Sari ekonomikorik egongo ez den arren, lehiaketak aurrera jarraituko du eta Garai-ikur bat banatuko da".

Izena emateko epea zabalik

2026ko ekainaren 24tik uztailaren 9ra bitartean egin beharko dira eskaerak Bergarako Udalaren webgunean, eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko da, hala nola identifikazio agiriak, jarduera ekonomikoaren frogagiriak eta osasun eta higiene baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak. Udalak zehaztu du, “parte hartzean lehentasuna izango dute Bergarako eta Debagoieneko ekoizleek, baita tokiko produktuak edo ekoizpen ekologikoa lantzen dutenek ere”.

Odoloste txosna, herriko taldeentzat

Udalerriak urtero bezala odoloste dastaketa txosnaren ustiapena esleituko du. “Bergarako harategiek emandako odolosteak eskainiko dira eta, aldi berean, herriko irabazi asmorik gabeko elkarteek diru-sarrerak lortzeko aukera izango dute”.

Txosna irailaren 12an izango da, eta odoloste pintxoak salduko dira gehienez 3 eurotan (edariarekin) edo 1,5 eurotan (edari gabe). Udalak jakinarazi duenez, eskaerak 2026ko uztailaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dituzte herriko irabazi asmorik gabeko elkarteek www.bergara.eus webgunearen bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak