Eklipseak: astroak ezkutaketan jolasten izenarekin, publiko guztiak ulertzeko moduko azalpenak emango ditu Ilatargi astronomia elkarteko kideak.
Abuztuaren 12an gertatuko dena zerekin da konparagarria?
Zaila da eguzki-eklipsea bertatik bertara ikusi ahal izatea beste gertaera astronomiko batekin konparatzea. Esaterako, ezin daiteke Halley kometaren etorrerarekin konparatu, hori 60 urte baino gehiagoan behin gertatzen delako. Eklipsea, ordea, urtean bi bider gertatzen da mundu osoan barrena. Berezitasuna da abuztuaren 12an etxetik ikusi ahal izango dugula bete-betean. 2183ra arte ez da halakorik gertatuko.
Zehaztasun matematikoarekin dakigu gertaera horien berri.
Antzinako zibilizazioak konturatu ziren eklipseak zikloka doazela, eta aurreikusi zezaketen, gutxi gorabehera, noiz izan zitekeen hurrengoa. Gaur egun, prezisio matematikoarekin jakin dezakegu. Adibidez, Bergaran 19:32an hasiko da, zehatz-mehatz. Hori jakin ahal izatea harrigarria da matematikari eta fisikari ez garenontzat.
Zein da zure lanbidea, bada?
Giza baliabideen alorrean egiten dut lan. Astronomia-zalea naiz; zeruari buruz asko ikasi, behatu eta irakurri dut, gauza batzuk ulertzera heltzeraino. Azken asteotan jende dezente etorri zaigu, Ilatargiko kideoi eklipsea ikusteko gomendioei buruz galdezka.
Nondik ikusiko duzu zuk?
Gustatuko litzaidake esatea etxetik ikusiko dudala, baina, ziur asko, Burgos edo Soria aldera joango naiz, eguraldi ona dagoen tokira, eklipsearen osotasunak ia bi minutuz iraungo duelako eremu hartan. Hau da, eguzki-koroa, Diamantezko Eraztuna eta Bailyren Perlak ikusi ahal izango dira han. Bergaran, ordea, ez; %99,99an ikusi ahal izango da, eta ez %100ean. Dena den, ikusgarria izango da. Eklipsea oso-osorik ikusi nahi duena Leintz bailarara eta Oñatira joan daiteke; Arrasaten, esaterako, hamar segundo inguru iraungo du osotasunak. Eta, Gasteizen, minutu bat. Aurten, Iberiar penintsulan ikusiko da denbora gehien; esandako moduan, ia bi minutu. Ez da asko; datorren urtean sei minutu baino gehiago iraungo du Egipton.
"Burgos edo Soria aldera joango naiz, osotasuna ia bi minutuz ikusi ahal izateko"
Seminarixoko hitzaldian astronomiaren historiari buruz zertzelada batzuk emango dituzu, ezta?
Arlo hori menperatzen zuten lau zibilizaziori buruz jardungo dut: Txina, Mesopotamia, maiak eta Antzinako Grezia; eta bakoitzari buruzko bitxikeriak kontatuko ditut.
Adibidez?
Txinan bada mito bat. Enperadorearen gortean egiten zuten lan bi astronomok, zerua behatzen. Momentu batean, eklipsea iritsi zen, baina haiek ez zuten aurreikusi. Enperadoreak heriotzara zigortu zituen horregatik. Eguzkiaren eta Ilargiaren mugimenduek enperadorearen mugimenduek enperadorearen boterea ordezkatzen baitzuten, eta ez aurreikustea zorte txar bezala interpretatu zuen.
Zientzia egiteko ere tresna lagungarriak izan dira eklipseak.
1919ko eklipsearen bitartez, Albert Einsteinen Erlatibitatearen Teoriako premisa argi bat demostratu ahal izan zen: izarrak ez daudela beti dirudien tokian. Eklipse hura gertatu bitartean neurketak egin eta izarrak tokiz aldatuta zeudela konprobatu zuten, espazioaren kurbaduraren eraginez.
Zer gehiago argituko duzu?
Eklipsea hilero zergatik gertatzen ez den, maketa batek lagunduta. Laboratorium museoko lantaldearen eskutik, betaurreko homologatuak ere banatuko ditugu, nola behatu ikusteko. Izan ere, ezin zaio, inondik inora, eklipse bati zuzenean begiratu, fase partzialean dagoenean.