Arratsaldeko 19:00etan, Bergarako parrokiak hitzordu berezia hartu du. Bergarako Orfeoiak eta Luberri Abesbatzak, Arimen Besarkadan izenburupean, organuari eta koru-musikari eskainitako omenaldi berezia aurkeztu dute, Aitor Biain eta Junkal Guerreroren gidaritzapean. Organoan Ignacio Arakistain aritu da.
Kanpoko beroari ihes eginez, entzuleek soinu eta ahots ederrez gozatzeko aukera izan dute. Oraingoan, korua eta musikariak modu berezian kokatu dira, organoaren inguruan, eta ikus-entzuleek kontzertua pantaila baten bidez jarraitu ahal izan dute, hainbat kamerak eskainitako irudiei esker. Horrela, entzuten arreta berezia jartzeko tartea izan dute, baita interpretazioa gertutik ikusteko aukera ere.
Kontzertuan parte hartu dute Nerea Ibarra eta Maite Usabiaga soprano bakarlariek, baita Karlos Etxaniz baxu bakarlariak ere; Ibarra da kantu honetan entzun daitekeena.
Programan, John Ruterren eta Junkal Guerreroren lanak izan dira protagonista; azken honen Arimen Besarkadan obra osoa eskaini dute, ahotsen eta organoaren arteko elkargune hunkigarria eskainiz. Entzuleek arreta handiz jarraitu dute emanaldia, eta asteburua amaitzeko modu borobila bihurtu da askorentzat.