Etxean irabazita, abantailarekin joan dira Adunara Bergarako pilotariak. Garaipenarekin, finalerako txartela eskuratuko lukete, baina ezin izan diote jarraipena eman etxean lortutako emaitzari. Hasiera kaxkarra egin dute bergararrek (22-8 galdu dute lehenengo partidua), nahiz eta Bergaran gertatutakoa ikusita, kadete mailako partida gogorra izango zela aurreikusten zuten. Gazte mailako partida irabazita (22-7) banako berdinketa ezarri dute, eta senior mailako partidua izan da finalerako txartela erabaki duena.
18 tanto egitea behar zuen Bergarak finalera iristeko, baina saileko arduradun Julen Aranburuk dioenez, "pilotariak ez dira eroso egon kantxan". Lau tanto inguruko aldea lortu dute adunarrek, eta tarte horri eutsi diote partida osoan. "Denbora guztian atzetik joan gara eta partida zaila izan da", gehitu du Aranburuk. Hala, partida erabakigarrienean nagusi izan dira adunarrak, eta 22-10 irabazita, finalerako txartelik gabe gelditu da Bergara; izan ere, joaneko eta itzulerako partidetako emaitza orokorra berdinketan amaitu bada ere, egindako eta jasotako tanto-kopuruan aurretik egon da Aduna.
Pena handiarekin
Egindako ibilbideari balio handia ematen diote Bergarakoek, baina Aranburuk onartzen du "pena handia" sentitu dutela kanporaketa galdu eta gero: "Sekulako ibilbidea egin dugu, eta finala jokatzeko oso aukera ona izan dugu. Ia eskuetan genuen txartela, baina ihes egin digu azken momentuan. Ikasteko balioko digu eta ea datorren urterako ondo prestatzen garen eta ibilbide polita egiten dugun".