'Arimen besarkadan' kontzertua Bergarako Orfeoiaren eta Luberri abesbatzaren eskutik

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko ekainaren 19a

Nuria Santamaria,orfeoiko lehendakaria; Arantxa Jauregi eta M. Gurutze Arana juntakideak. Argazkia: Bergarako Orfeoia.

Bergarako Orfeoiak eta Donostiako Luberri abesbatzak elkarlanean Arimen besarkadan izeneko kontzertua emango dute Ekainaren 21ean, 19:00etan, San Pedro elizan. 

San Pedro elizak hitzordu berezia hartuko du domeka arratsaldean. Bergarako Orfeoiak eta Donostiako Luberri abesbatzak Arimen besarkadan izeneko kontzertua emango dute; Aitor Biain-Bidarte eta Junkal Guerrero zuzendarien gidaritzapean eta Ignacio Arakistain organo-jotzailearen laguntzarekin. Kontzerturako sarrerak 10 euroan daude salgai, Bergarako Udalaren webgunean. 

Guztira 75 lagun igoko dira oholtzara: bi abesbatzetako kideak, 40 musikari, hiru bakarlari eta organista. Azaldu dute kontzertuak espiritualtasuna, oroimena eta maitasuna izango dituela ardatz.

Lehen zatian, John Rutter konpositore britainiarraren musika korala izango da protagonista. Bigarren zatian, berriz, Junkal Guerreroren Arimen besarkadan obra osoa interpretatuko dute. Lanak doluaren, galeraren eta maitasunaren iraunkortasunaren inguruko hausnarketa proposatzen du, zazpi ataletan zehar garatzen den "ibilbide emozional" baten bidez.

Ikus-entzunezko baliabideak

Kontzertuaren beste berezitasunetako bat ikus-entzunezko baliabideen erabilera izango da. Elizan instalatutako pantaila handiek eta hainbat kamerak aukera emango diete ikusleei interpretazioa gertutik jarraitzeko, zuzendarien lana, abeslarien adierazkortasuna eta musika xehetasun handiagoz ikusteko.

Bihar arratsaldean Donostiako San Vicente Elizan emanaldi berdina eskainiko dute, 19:00etan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak