Ekainaren 5etik 7ra bitarte, 2026ko Europako Off-Road Txapelketa jokatu da Eslovenian, Kamnik eta Ljubljana inguruan, Velika Planina eskualde menditsua agertoki nagusitzat hartuta. Hiru modalitate jorratu dira txapelketan: Trail, Up & Down eta Uphill, guztiak helduen zein 20 urtez azpiko mailetan. Bertan izan da Julen Badiola (2008, Bergara) lasterkaria, eta 20 urtez azpiko Uphill modalitatean taldekako brontzezko domina irabazi du.
Ezusteko esperientzia berria
Ustekabean harrapatu zuen Badiola Esloveniara joateko deiak, eta hara joate hutsa "opari" bat izan zen
Badiolak dioenez, ustekabean harrapatu zuen Esloveniara joateko deiak. Laugarren postuan amaitu zuen Espainiako Txapelketa, eta ez zekien ea bertan izateko aukerarik izango zuen: "Hasiera batean, ez nuen espero sailkatzea. Normalean, Espainiako Txapelketan lehenengo gelditzen dena zuzenean sailkatzen da, eta gainontzeko parte-hartzaileak hautatzaileak erabakitzen ditu. Ni laugarren postuan gelditu nintzen, eta mugan nengoen. Ez nekien deituko ote zidan, baina, azkenean, horrela izan zen".
Jendea ezagutu eta esperientzia berri baten murgiltzeko espektatibekin joan zen bergararra txapelketara, eta espektatiba horiek bete egin zituela nabarmendu du: "Gustura ibili nintzen txapelketan, jendea ezagutzeko aukera eman zidan eta esperientzia berri bat izan zen".
Medailarekin etxera
Domina eskuratzeak poz handia eman ziola aitortu du lasterkariak, aurrez ere opari bat zena beste maila batera eraman zuen gertakari bat: "Ni helmugara heldu nintzenean ez nekien domina irabazi genuenik. Hautatzailea bertan zegoen, eta hirugarren postua eskuratu genuela esan zidanean ikaragarri poztu nintzen. Azkenean, niretzat horra joate hutsa opari bat zen, eta dominarekin itzultzeak are eta poz handiagoa eman zidan". Taldekako sailkapenean eskuratu zuen domina, baina bakarkako sailkapena ere izan zen: "Taldeka eta bakarka jokatzen da. Nire kasuan, bakarka 24. postuan gelditu nintzen, eta taldeka, berriz, hirugarren postuan".
Txapelketako hiru modalitatetako bat da Uphill delakoa, eta goranzko bidea bakarrik egiteak ezaugarritzen du lasterketa mota hori: "Uphill modalitatean goranzko bidea bakarrik egiten da; hau da, ez dugu jaitsierarik egiten. Kasu honetan, hiru kilometro baino zerbait gehiagoko lasterketa izan zen, gorantz".
Presio bikoitza
Gazteen bizitzan eragin handia duen beste une batekin egin zuen topo Badiolaren Europako Txapelketak, selektibitatearekin: "Joan aurreko egunean amaitu nuen selektibitatea. Nire taldekideak asteartean Madrilera joan ziren, eta elkarrekin bidaiatu zuten Esloveniara. Nik, berriz, zuzenean bidaiatu nuen, selektibitatea bukatu berritan zegoen taldekide batekin".
Selektibitatea amaitu osteko egunean bidaiatu zuen Badiolak Esloveniara
Ekintza bataren zein bestearen presioa nabaritu zuela dio: "Aste hura presio handikoa izan zen. Txapelketaren eta selektibitatearen presioak uztartu ziren, baina, bueno, azkenean, dena ondo irten zen". Txapelketaren esperientzia ere ezberdina izan zen, presio handiagokoa: "Ezberdina da bertan lehiatzea. Giroa bestelakoa da, eta beste herrialde baten egoteak ere esperientzia ezberdina izatea dakar. Presioa ere handiagoa da. Espektatiba batzuk jartzen dira zugan, eta horrek presioa dakar berarekin".
Ohiko entrenamenduak
Europako Txapelketa izan arren, ohiko entrenamenduak egin zituen Badiolak, baina selektibitateak baldintzatuta: "Selektibitatearen eraginez, aste hartan ezin izan nintzen askorik entrenatu. Bestela, ohiko entrenamenduak egin nituen. Hamabost kilometro inguruko jardunak egiten ditut, eta astean behin entrenamendu gogorragoa".