Peoi, alfil eta erregina artean, kartzela zaharraren 26. urteurrena ospatzen

Gontzal Belategi Zubia 2026ko ekainaren 19a

Urtarrilean jokatu zen xake txapelketa.

Xake txapelketa egingo dute domeka honetan, suitzar sisteman eta pertsona bakoitzeko bost minutuko partidekin. 17:00etan hasiko dira txapelketarekin, baina izena ematea 16:30ean izango da.

Xake txapelketa jokatuko dute domekan, hilak 21, kartzela zaharrean. Hain zuzen ere, 17:00etan hasiko da, baina izena eman nahi dutenek 16:30ean bertan egon beharko dute. Kartzela zaharraren 26. urteurreneko ospakizunen baitan antolatu den egitarauaren barruan kokatzen da aurten txapelketa.

Formatu azkar eta emankorra

Suitzar formatuan jokatuko da txapelketa. Yon Suinaga antolatzaileak azaldu duenez, formatu horren bidez hainbat pertsonak jokatzea ahalbideratzen da, inor kanporatzeko edo denek denen aurka jokatzeko beharrik gabe: "30 pertsona inguru elkartuko gara txapelketan, eta ezinezkoa da denok denon aurka jokatzen ibiltzea. Partida kantitate murritzagoarekin sailkapen zuzena egitea ahalbideratzen du formatu horrek". Formatuak berak aukeratzen ditu irabazleak: "Formatu horretan, irabazle suertatzen direnek irabazle suertatzen direnen aurka jokatzen dute; aukeraketa egiten duen formatu bat da".

Domekan jokatuko dute herriko xakezaleen elkargune bilakatu den txapelketa

Horrez gain, partida azkarrak izango dira, non jokalari bakoitzak bost minutu izango dituen. Horren helburua ahalik eta partida gehien jokatzea da: "Bost minutuan jokatzen dugu, xake azkarrean, partida kopuru handiagoa jokatzeko asmoz. Jendeak, behin elkartuta, partida asko jokatu nahi izaten ditu".

26. urteurrena ere elkargune

Urtean bi txapelketa antolatzen dituzte kartzela zaharrean: "Urtean bi txapelketa antolatzen ditugu: bata Gabon aldera izaten da, urtarrilean, eta bestea uda alderago". Aurten, gainera, kartzela zaharraren 26. urteurreneko egitarauaren barruan kokatuko da. Suinagak dioenez, leku berezia da eurentzat: "Kartzela zaharra oso leku berezia da, eta oso polita. Bertan sortzen den giroa ezberdina da. Beste leku batzuetan txapelketak serioegiak izan daitezke, baina leku honetan familia-giroa nagusitzen da".

Familia-giro horri esker, txapelketak xakezaleen elkargune izaera hartu du denborarekin: "Etortzen den jendeak errepikatu egiten du, eta fidel mantentzen diren hainbat parte-hartzaile dauzkagu. Jendea gustura etortzen da, eta ez du hutsik egiten. Elkargune bilakatu da". Aldi berean, herri izaera mantendu nahi duen txapelketa da: "Txapelketa hau berezia da guretzat. Kanpoko jende bat etorri ohi da, baina ez dugu askorik zabaldu nahi izaten. Herri-kutsu hori mantendu nahi dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak