Festa giroa nagusituko da solstizio gauean eta San Juan auzoko jaietan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 22a

2024ko San Juan auzoko sanjuanak.

Bihar, ekainak 23, ospatuko dute solstizio gaua Seminarioko patioan, eta egun berean hasiko dituzte San Juan auzoan bi egun iraungo dituzten jaiak.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, ekainaren 23an ospatuko da solstizio gaua, Xaxauk, Jardunek, Bergarako Musika eta Dantza Eskolak eta Udalak antolatuta. Plazako lanen ondorioz, Seminarioko patioan izango da ekitaldia, eta, 21:00etan hasita, desiren mahaia jarriko dute. Ekitaldi nagusia 22:30ean hasiko da: suaren errituala eta sorgin-dantza egingo dituzte.

San Juan auzoan, jaiak

San Juan Egunarekin batera ospatzen dituzte festak San Juan auzoan, eta ohiko egitaraua antolatu dute. Martitzenean, eliza eta santua apainduko dituzte loreekin, 18:00etan. Suziria 21:00etan botako dute, eta, ohi bezala, San Juan suak egingo dituzte baserrietan.

Eguaztenean, berriz, ekainak 24, 12:00etan, meza egingo dute, erretiratuen abesbatzarekin, eta, ostean, luntxa izango da, herriko trikitilariek lagunduta. 13:00etan, lore-sorta erakusketaren txanda izango da, eta parte hartzen dutenek ohitura zaharrak kontuan eduki beharko dituzte lore-sorta egiterakoan. Bi sari banatuko dituzte parte-hartzaileen artean. 13:15ean, auzoko 80 urtez gorakoak omenduko dituzte, eta 14:30ean, auzotarren bazkaria egingo dute, Tartufo jatetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak