Duela lau urte hasi ziren Bergaran egun hori ospatzen, eta aurten ere herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera. Bergarako Yoga irakasle Eneida Padillak azaldu duenez, saioaren helburua ez da ariketa fisikoa soilik egitea, baizik eta herritarrek yogarekin harremana izatea, eta elkarrekin batzea. "Yogak batura esan nahi du", dio Padillak.
Librea da eta nahi duten guztiek hartu dezakete parte; ez da beharrezkoa yoga ezagutzarik izatea; horregatik, parte hartzeko dei egin diete herritarrei, probatzeko –"probatu barik ez dakigu zelakoak diren gauzak"– eta, ostean, iritzia emateko. Hala ere, eskatu dute estera eta manta bat eramateko: "Saioak norbere buruari denbora dedikatzeko eta egunerokotasunerako tresnak eskuratzeko aukera eskaintzen du. Praktika gramo baten tona bat teoria baino gehiago balio du.".
Lau urteko ibilbidea
Nazioarteko egun hori 2015etik ospatzen bada ere, Bergaran duela lau urte hasi ziren yoga saioak egiten ospatzeko, eta gustura dago Padilla aurreko urteetan izan duen erantzunarekin. "Laugarren urtea da, eta egia da ondo joan direla aurreko aldiak, nahiz eta multzo handia ez elkartu. Jendea batu gara, eta, herrian hiruzpalau yoga zentro izateko, hogei bat lagun elkartu gara". Beste aldietan, Mariaren Lagundiko zelaian elkartu dira aire zabalean yoga praktikatzeko, baina aurten Usondon egin dute hitzordua.
"Autoaren" analogia
Haren hitzetan, diziplina horrek laguntzen du "egiten eta esaten ditugun gauzekin kontzientzia izaten, kontziente izaten, geure buruarekiko jarrera bat izaten, eta erremintak ematen dizkigu bizitzan agertzen zaizkigun egoerei jarrera arduratsuarekin erantzuteko. Gorputza lantzen da, baina baita arnasketa ere".
Yogak egunerokoan duen eragina azaltzeko, Padillak konparazio "berezi" bat erabiltzen du: "Yoga beti azaltzen dut auto bat izango bagina bezala". Gorputzaren mantentzea gidariak egiten duen autoren mantentzearekin parekatzen du, eta, dioenez, indarra, elastikotasuna eta artikulazioak ezagutzea ezinbestekoa da; baita arnasketa ere: "Aire zirkulaziorik gabe ez dago surik; arnasketa funtsezkoa da gure barne-energiarako". Gehitu du elikadura erregaia izango litzatekeela: "Biolentziarik gabe jatea da, kozinatzea kontzientziarekin". Azkenik, meditatzea. "Auto batek beti funtzionatzen badu, erre egiten da. jakin behar da egunean zehar ariketa-uneak edukitzen, lasaitasun momentuak izaten, jarrera egokiarekin", azaldu du Padillak.
Ekainaren 21ean, ospakizun eguna
2014an, Nazio Batuen Erakundeak aho batez onartu zuen ekainaren 21ean Yogaren Nazioarteko Eguna ospatzea, eta 2015a ezkero urtero ospatzen da. Eneida Padillak azaldu du ekainaren 21ean ospatzeko bi arrazoi nagusi daudela: batetik, udako solstizioa: "Yoga tradizioan egun hori oso energetikotzat jotzen da. Eguzki-argia bere puntu gorenean dago, eta, espiritualki hitz eginda, argiztapena, kontzientzia eta esnatze espirituala punturik gorenean daude". Bestetik, yogako "solstizioko sadhana". Dioenez, ekainaren 21ean hasten den 21 eguneko praktika da: "Ustez, egun horietan gorputzak eta adimenak energia hobeto xurgatzen dute".