Herriarteko txapelketak xarma berezia dauka, pilotariendako eta zaleendako. Bada, Bergararen eta Adunaren arteko kanporaketaren joanekoetan oso garbi geratu zen: harmailak lepo eta pilotariak finalera sailkatzeko urrats bat gehiago emateko gogotsu. Lehen hiru partiduetako emaitzak aitzat hartuta (12-22, 22-23 eta 22-17) Bergarak dauka gertuago azken pauso hori.
Munizipalean jokoan zegoen lehen puntua Adunako pilotariek lortu zuten. Olanok eta Fernandezek lehia ona jokatu zuten, baina apenas izan zuten aukera 22ra heltzeko. 8-10 egon ziren, baina, adunarrak izan ziren erregularragoak, eta lehen puntua irabazi zuten.
Kadete mailako lehia bukatu zen bide beretik hasi zen gazte mailakoa: adunarrak indartsu eta 1-8ko abantaila hartuta. Bergarako atzelari Contrerasek pilota batzuk galdu zituen, eta Adunak aprobetxatu egin zuen. Atseden tarte batzuk hartuta, etxeko pilotariak neurria hartu zioten lehiari eta 7-13 atzean egonda ere, gai izan ziren 22ra heltzeko, Adunako bikotea 13an utzita gainera. Tanto ederrak egin zituen Haritz Etxabe aurrelariak.

Senior mailakoa
Banako berdinketarekin, senior mailako partidua izan zen erabakigarria. Lehia oso parekatua izan zen hasieran. Tanto onak eta hutsak tartekatu zituzten. Bada, abantaila hartzen lehenak etxekoak izan ziren: Etxaniz eta Ormaetxea 8-5 eta 11-6 aurreratu ziren. Konturatu ziren Adunako atzelari Joanes Cestau pilota galtzen hasi zela, eta hura zigortzen ahalegindu ziren. Atzeko koadroetan joan zitzaion partidua Adunari, nahiz eta, azken txanpan estutu eta 17 tanto egin.
Ordurako, bero-bero zegoen harmaila. Alde bateko eta besteko zaleek gogotsu animatu zituzten euren pilotariak. "Giro ederra egon da eta gai izan gara abantaila lortzeko. Gure esku daukagu kanporaketa, baina, kontziente gara Adunako frontoia txikia dela, eta han oso indartsuak direla. Momentuz, gaur lortutakoa gozatuko dugu", esan zion GOIENAri Ander Etxanizek.