Isladak Antzerki Soziala taldeak Elisabeth izeneko hirugarren lana taularatuko du bihar, hilaren 19an, Seminarixoan. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak seminarixoa.eus atarian erosi daitezke, zortzi eurotan. Duela urtebete hasitako lanen emaitza ikusiko da oholtza gainean, eta hamabi aktorek hartuko dute parte antzezlanean.
Emakumeen borroka hizpide
Bonnie Garmusen Lecciones de química eleberriaren antzerki-egokitzapena da Elisabeth antzezlana. Emakumeek 50eko hamarkadan zientziaren alorrean izandako borroka jorratzen du. "Emakumeen egoera mahai gainean jartzea erabaki dugu, eta, horretarako, 50eko emakume baten historian oinarritzen gara", azaldu du zuzendari lanetan ibili den Mikel Irizarrek.
Antzezlanak garaiko egoera eta egungoa alderatzeko aukera ematen du, Elisabeth izeneko protagonistak bere bilobari egindako kontakizun batean oinarritzen baita istorioa: "Antzezlanean zehar ikusten da garai hartako egoera eta egungoa ez dela bera, baina oso antzerakoak diren eta hobetu behar diren hainbat elementu daudela ere bai".