26 urte bete ditu aurten kartzela zaharrak, eta ospakizunetan murgilduta daude bertako kideak. Horrenbeste urte biziraun izana ospatzeko nahiko arrazoi dela uste dute bertako kideek: "Hainbat lekutan gune autogestionatuek izan dituzten gatazkak ikusita, bizirautea bera ospatzeko arrazoia da".
Horrelako proiektu baten atzean dagoen lana azpimarratu nahi izan dute: "Pentsa, 26 urtez horrelako proiektu bat modu boluntarioan aurrera eramateko zenbat lan egon den. Jende guztiak jarri behar izan du beretik, eta sekulako konpromisoa, indarra eta gogoa egon da".
Egitarau zabala
Urteurrena ospatzeko, egitarau zabala antolatu dute kartzela zaharreko kideek, eta azken asteetan hainbat ekintza egin dituzte. Bihar izango da hurrengoa, dagoeneko ohitura bilakatu den Iband taldearen kontzertu-omenaldia. 18:30ean hasiko da kontzertua, eta aurten Plakton taldearen laguntza izango dute. Domekan, berriz, bermut elektronikoa egingo dute, 12:30etik 15:30era.
Ekainaren 20an izango da kartzela zaharraren urteurreneko jai nagusia
Ekainaren 18rako, soinu-teknikari tailerra antolatu dute, 18:30ean hasita."Helburua kartzela zaharreko soinu ekipoa erabiltzen ikastea da, eta edozein kultur ekitaldi sonorizatzeko oinarri batzuk ikastea". Hurrengo egunean Ziega gazte asanbladak antolatuta, jai ereduaren inguruko kafe tertulia egingo dute.
Urteurrenaren ospakizun jaia ekainaren 20an izango da, baina oraindik ez dute iragarri eguneko egitaraua. Ekainaren 21ean Pleibak bertso saio literarioa egingo dute. Miren Amurizaren testuak izango ditu oinarri saioak, eta Paule Bilbao arduratuko da musikaz. Bertsoak kantatzeaz berriz, Maider Arregi oñatiarra eta Jone Uria arduratuko dira. Ekainaren 14rako iragarrita zegoen xake txapelketa ekainaren 21ean izango dela ere azaldu dute kartzela zaharreko kideek. Egitaraua borobiltzeko, ilaren 27an, Ziegak lehen urteurrena ospatuko du, oraindik iragarri gabe dagoen egun osoko egitarau batekin.

Ziegaren jardunarekin pozik
Lehen urteurrena du Ziega gazte asanbladak, eta kartzela zaharreko gainontzeko kideak pozik agertu dira berriro gazte asanblada bat martxan ikustearekin: "Kartzela zaharrak gaztetxe izateari utzi eta egungo izaera hartu zuen gazte-gazterik ez zegoelako. Asanblada desagertu egin zen, eta herriko gazteak beste talde batzuen parte izaten amaitu zuten. Gazteak berriro proiektura gerturatzeko beharra ikusten genuen; kartzela zaharra hauek bizi duten egoerari aurre egiteko espazio bat izatea. Oso pozik gaude sortu den mugimendua martxan ikustearekin".