Amaia Santamaria bergararrak, Garazi Egigurenek eta Nerea Gurrutxagak Argilunak emanaldia egingo dute bihar, zapatua, Munibe plazan. 22:00etan hasiko da emanaldia, eta pozik bezain urduri dago Santamaria ikuskizuna herrian egiteagatik: "Egia esan, urduritasun handiagoa sortzen dit Bergaran egiteak, ikusleen artean jende ezaguna egongo delako. Hala ere, ilusio berezia ere egiten dit ikuskizuna bertan egin ahal izateak".
Dolu prozesutik sortua
Santamariak azaldu duenez, ikuskizunak dolu prozesu baten du jatorria: "Taldekide baten dolu prozesuan du jatorria. Proiektuan, argitasunari eta itzalei eman zaien garrantziaren bidez islatzen da hori". Helburua bizitzaren itzalak erakustea da: "Garazi Egigurenek askotan esaten du gure gizartean gaizki egotea edo ezinegona ezkutatzen ditugula, bizitzako itzalak ezkutatzen ditugula, eta argitasuna erakutsi. Bizitzako itzal horiek erakustea da helburua".
Taldekide baten dolu prozesua du oinarri, baina galera modu zabalagoan islatzen du ikuskizunak
Jatorria doluan duen arren, gerora ulerkera zabalagoa egin dutela ere nabarmendu du Santamariak: "Jatorria esperientzia hori da, baina, sorkuntza prozesua kolektiboki egin dugunez, pentsatu genuen emanaldia galera guztientzat izan behar zela, beste batzuek ez genuelako horrelako esperientziarik". Modu horretan, oinarrizko beste hainbat kontzeptu gehitu zaizkio ikuskizunari: "Dolua galera moduan ulertu genuen, eta hori pertsona bat hiltzea edo harreman bat galtzea izan daiteke. Horrek nola eragiten duen aztertzen da, hutsunea, aztarna memoria... Horiek dira oinarrizko kontzeptuak".
Lana norabide baten sortu zuten arren, oso irekia dela azpimarratzen du bergararrak: "Doluaren edo galeraren gaia jorratzen duen arren, lan oso ireki bat da. Modu askotan ulertu daite, eta bakoitzak bere bidaiarekin konektatzeko modu ezberdinak sortzen ditu".
Diziplina askotariko ikuskizuna
Hainbat diziplina uztartzen ditu ikuskizunak: dantzak eta ikus-entzunezkoak. Dantzariek Santamariak proiektatzen dituen hainbat bideoren aurrean dantzatzen dute, bien arteko batasun bat sortuz. Bergararrak dioenez, oinarrizko kontzeptu horiek nork bere alorrera eraman behar izan ditu ikuskizuna sortzeko: "Oinarrizko kontzeptuak nork bere alorrera eraman ditu. Nik hori iruditik zela arakatu pentsatu dut, beste batzuek gorputzetik, soinutik... Gero, hori guztiori batzen ibili gara".
Hala ere, azpimarratu du ez direla elementu bakoitza modu independentean sortzen ibili, eta ikuskizunean guztiak duela batasun bat: "Denbora guztian batera egin dugu lan. Bakoitzak pisua bere arloan jartzen zuen horretarako ideiak eta materiala sortzean. Hala ere, segituan jartzen genituen amankomunean, eta momentuan joaten ginen moldaketak egiten".
Dantzak eta ikus-entzunezkoak uztartzeak argiarekin eta itzalekin jolas egiteko aukera sortu diete
Prozesu horretan eztabaida emankorrak ere izan zitutelakoan dago Santamaria: "Hor eztabaida sortu zitzaigun, ea zer zen hutsunea. Ikuskizun dena zuri-beltzean da, argiei eta itzalei indarra emateko. Batzuek itzala eta beltza lotzen zuten galerarekin edo hutsunearekin. Ni eremu plastikotik nator, eta niretzat hutsunea zuria zen, esaterako, lienzo bat bete behar duzunean jatorriz zuria delako. Azkenean horren arteko joku bat bilakatu da".
Bi diziplinak uztartzean, hiru sortzaileek argien eta itzalen arteko jolasean sakontzeko aukera izan dute: "Dantzaren eta irudien artean ere jolas bat sortzen da. Proiektore baten aurrean daudenez, haien itzala ere ikusten da. Haien itzalekin eta bideoan dauden itzalekin joko bat sortzen da".
Kalean, hausnarketa zabaltzeko
Argilunak ezaugarritzen duen elementuetako bat kalean egiten den ikuskizuna izatea da. Doluaren eta galeraren inguruko hausnarketa ahal bezain beste jenderengana heltzeko hartutako erabakia da hau: "Uste dut garrantzitsua dela horrelako gaiak jendaurrean erakustea, normalean barruan gordetzen direlako. Jende guztiak gai hauen inguruan hausnartzeko aukera izateko egiten dugu kalean, jende gehiagok hurbiltzeko aukera izan dezan".