Xanti Ugarte: "Jende asko, etorkizunean, zaintza zerbitzu duina ez den batekin eta pobrezian biziko da"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 12a

Xanti Ugarte martitzenean, hitzaldia ematen.

Martitzenean, Duintasuna elkarteak antolatuta, Adinekoen zaintza: benefizentzia ala eskubidea hitzaldia egin zuen Xanti Ugartek (Zestoa, 1956) Irizar jauregian.

Hitzaldiaren izenburuak galdera planteatzen du; zergatik da garrantzitsua bereizketa hori egitea?

Guk pentsatzen dugu zaintza zerbitzu publiko modura ulertu beharrean, askotan, benefizentzia bezala ulertzen dela. Denok pasako gara norbait zaintzetik edo zainduak izatetik. Konparatzen baduzu beste zerbitzu publiko unibertsalizatuekin, adibidez, Osakidetza edo irakaskuntza publikoa, zaintza bigarren mailakoa da. Edo benefizentzia; duela belaunaldi batzuk zegoena, baina hobetuta, baina ez da iristen lehen mailako zerbitzu publikoa izatera. Duela mende erdi bat edo geroago, agian, nahikoa zen, baina gaur egun gizartea beste bat da, zaindu beharreko adinekoak askoz gehiago gara eta gehiago izango gara datorren hamarkadan. Etxeetan oso jende gutxi dago eta emakumeak izan dira, orain arte eta oraindik ere, horri eutsi diotenak. Baina gaur egun etxetik kanpo egiten dute lan, eta egoera aldatu egin da.

Zaintza da ardatza, baina zer ulertzen da zaintza bezala?

Guk beti zaintza aipatzen dugunean, batik bat, adinekoen zaintzaz ari gara. Guk uste dugu euskal administrazioan gaizki kokatuta dagoela gizarte zerbitzuen zati handiena delako. Beste zerbitzuek ere izango dute hobetu beharra, baina funtzionatzen dute, eta honek ez. Zaintza zerbitzua egoera oso eskasean dago eta datorren olatu handiaren momentuan gaude. Garbi ikusten dugu zahartzaroa luzatu egingo dela, baita laguntza beharrean egongo garen denbora ere. Poltsikotik ordaindu behar bada hori, ez da iristen. Jende asko, etorkizunean, zaintza zerbitzu duina ez den batekin eta pobrezian biziko da. Ez dugu ikusten eztabaida politikoa maila horretan dagoenik. Koronabirusaren garaian egon zen, baina ezkutatu egin da. Datorrena oso beltza da.

Aipatu duzu zaintza emakumeen ardura bezala ulertzen dela, eskubide sozial gisa baino gehiago.

Hor historia dago. Gauza guztiz aldatu da. Erretiratzen gara urte mordoxka bizitzeko espektatibarekin, eta asko gara. Biztanleria gaztea jaitsi egin da, eta beste une batean gaude. Gizarteak eskatzen du hau zerbitzu publiko izateko, eskubideekin, beste kasuetan bezala. Gipuzkoan, gaur egun, 1.000 pertsona daude itxarote-zerrendan. Hori tasatuta dago eta estatistikoki bagenekien egongo zirela, baina sistemak ez dio horri erantzuten. Lehen, familiak estaltzen zuen, eta egoitza publikoetan ezer ez zeukaten haiek hartzen zituzten. Pentsatzeko modu horretatik ez dira atera.

Zer aldatuko litzateke pertsona horien bizitzan zaintza eskubide bezala aitortuko balitz?

Bi gauza oso sinple: batetik, itxarote-zerrendarik ez litzateke egongo, eta, horrekin batera, egoitzetan ez litzateke ordaindu beharko orain ordaindu behar den dirutza. Egia da batere ondasunik ez daukatenei estali egiten zaiela zerbitzua, baina gizarte honetan zerbitzu publikoak zergekin ordaintzen dira, eta hemen ordaintzen da ekarpenarekin. Bestalde, etxeetakoa dago. Etxeetan norbait badago, laguntzen du, baina Gipuzkoan 3.000 atzerritar daude lanean barne-zaintzaile, baldintza onartezinekin. Gizarteak lotsatu egin beharko luke jendea horrelako baldintzetan edukitzearekin. Hori familiak konpondu behar du, isilpean, administrazioak ez duelako pentsatzen hori bermatu behar duenik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak