Kirolariez gain, herritar guztiak animatu dituzte odola ematera; izan ere, "zoritxarrez, odola beti falta da", Bergarako Odol-emaileen Elkarteko arduradun Pedro Mugikaren esanetan. Gainera, azpimarratu du azken urteetan jaitsi egin dela odol-emaile kopurua, baina egoera hori suspertzeko une egokia dela dio.
Urtea hasi zenetik sei hilabete pasa dira, eta jaitsiera nabaritu dute. "Denetik entzuten da. Agian, gaur egun, gehiago bidaiatzen dugu, urrutiago joaten gara, eta horrek ondorioak ditu eta odol-ematea atzeratzen du", dio, jaitsieraren arrazoiaz galdetuta. Datuak ere ematen ditu: "23 odol-ateratze egiten ditugu urtean zehar eta batez bestekoa 37 pertsonakoa da. Nahiko genuke kopurua igotzea". Gizonek hiru hilean behin eman dezakete; emakumeek, lau hilean behin.