Aurtengo parte-hartzea handia izango da, eta benjamin mailatik hasi eta senior mailako kuadrilla eta talde mistoetara, adin eta kategoria guztietako taldeak bilduko dira. Guztira, 70 taldek eman dute izena txapelketan.
Zuzendaritza batzordeko kide Txema Aragonesek azaldu duenez, izen ematearen arrakasta ikusita, epea luzatu egin zuten: "Hasiera batean, astelehenean itxi behar genuen izen-ematea, baina, arrakasta ikusita, ekainaren 10ean itxi genuen, eguaztenean".
Goizeko bederatzietan hasiko dira partidak, benjamin mailako taldeekin. Arratsaldean, 16:00etan hasita, kadete mailatik gorako taldeek hartuko dute lekukoa. Horrez gain, arratsaldean hiruko jaurtiketen txapelketa ere egingo dute. Sariak izango dira maila guztietan. Senior misto zein senior kuadrilla kategorietan garaikurra eta 120 euro eskuratuko dituzte txapeldunek.
Harrobiari bultzada
Aragonesek nabarmendu du ekimenaren helburu nagusia saskibaloira jokalari berriak erakartzea dela. "Gero eta zailtasun handiagoak ditugu harrobia osatzeko. Horrelako ekitaldien bidez gazteak saskibaloira gerturatzea eta izena ematera animatzen ditugu", azaldu du.
Haren esanetan, bereziki benjamin eta alebin mailetako neska-mutilak klubera erakartzea dute xede, datorren denboraldiari begira harrobia indartzeko. "Gazteen artean zaletasuna sustatu eta etorkizuneko jokalariak erakartzea da gure helburu nagusietako bat", gaineratu du.