Julen Aranburu: "Klub moduan lehentasuna ematen diogu Herriartekoari; herria ordezkatzen ari gara"

Xabier Urtzelai 2026ko ekainaren 12a

Julen Aranburu, Bergarako frontoian. goiena

Bergarak eta Adunak Herriarteko txapelketako finalerdietako joaneko partidua jokatuko dute gaur, egubakoitza, 18:30ean hasita Bergarako Udal pilotalekuan.

Bergarak duela 17 urte irabazi zuen azkenekoz Gipuzkoako kluben artean xarma handiena duen txapelketa, Herriartekoa. Baina 2024an finalera iristeko gertu egon ziren; orduan, Zaldibiak zapuztu zien ametsa, finalerdietan kanporatu zituzten. Gaur –egubakoitza, 18:30, Bergarako udal pilotalekua–, pilotari bergararrek finalerako sailkatzeko beste aukera bat dute, joaneko partidua jokatuko dute eta; oraingoan, Adunakoak izango dituzte aurrean. "Gure jokoa egiten badugu aukerak izango ditugu finalerako sailkatzeko, baina kanporaketa gogorra da", dio Aranburuk. Eta itzulerakoa geratuko da, datorren astean.  

Gaur egun, klubendako ze garrantzi du Herriarteko Txapelketak? Izan ere, kategoria bakoitzean ordezkariak izatea bada klub edo herri txikiendako erronka.

Halaxe da, bai. Gurea ez da herri txikia, baina egia da klubaren filosofiarekin bat egiten duen txapelketa dela Herriartekoa. Guk garrantzia ematen diogu torneo horri, eta saiatzen gara ilusio hori pilotariei transmititzen, herri bat ari gara ordezkatzen. Egia da kadeteendako txapelketa garrantzitsua izaten dela; presioa sentitzen dute, euren lehen torneo handietako bat delako, nagusiagoekin batera osatzen dutelako taldea... Eta, bestalde, senior mailan badira torneo pribatuetan diharduten maila politeko pilotariak, eta haiei, kasu batzuetan, ez die horrenbesteko ilusiorik egingo. Beste batzuei bai; pertsonaren araberakoa da hori, denetarik dago. 

Zaleek ondo baloratzen duten txapelketa da?

Guk gauza bat dugu aldeko, eta da pilotalekua herriaren erdian daukagula, eta, esaterako, egubakoitzetan bestela ere pilotazaleak frontoira joaten direla. Ez dugu kexarik. Baina bai, halako txapelketa batek beti pizten du interesa, eta polita da harmailetan belaunaldi eta kuadrilla askotariko zaleak ikustea; hori lortzen du, neurri handian, txapelketa horrek.

Finalerdietan zaudete jada, eta Aduna izango duzue aurrean.

Kontrario gogorra da, zalantzarik gabe, baina hiru partiduetako edozein irabaz dezakegu. Kadete mailan, Inhar Olanok eta Oier Fernandezek jokatuko dute. Hasiera batean, uste genuen gure bikote makalena izan zitekeela; Olano, gainera, infantil mailako pilotaria da, baina oso txapelketa polita egiten dabiltza, eta Olano, gaztetxoa izanda ere, partiduetan nagusitzen dabil. Gazte mailan, Aritz Etxabe eta Aitor Contreras dira gure ordezkariak, bikote ona dugu, eta materiala ondo aukeratzen badute partidua irabazteko aukerak dituzte. Eta seniorretan, Ander Etxaniz eta Aratz Ormaetxea ditugu. Atzean Ormaetxea oso ondo dabil, eta Etxabe aurrean ondo ari da tantoak amaitzen. Presioa kudeatu beharko dugu ondo, eta kontziente gara Adunako frontoian jokatzea, datorren astean, ez dela batere erraza izango. Baina joanekoan partidu onak egitea ezinbestekoa da itzulerakoan, Adunan, aukerak izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak