Bergaran inbertsioa erakartzeko eta enplegua sortzeko estrategia eskatu du EAJk

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 9a

Alderdi jeltzaleak adierazi du Bergaran enpresa berriak sortzeko tasa Gipuzkoako bataz bestekoaren azpitik dagoela, lurzoru ekonomikoaren erdia baino gehiago jarduerarik gabe dagoela eta herriak dinamismoa galdu duela inguruko beste udalerri batzuekin konparatuta.

Jeltzaleen ustetan, "Bergarak bultzada ekonomikoa berreskuratu" behar du, eta inbertsiorako eta enpresa-jarduera sortzeko udalerri erakargarri gisa kokatu.  Diotenez, inbertsio eta enpresa berriak erakartzeak lehentasuna izan beharko luke "edozein udal gobernurentzat", baina salatu dute gaia ez dagoela EH Bilduren egungo gobernuaren kezka nagusien artean. Gehitu dute, herritar askok Bergaratik kanpo joan behar izaten dutela egunero haien prestakuntza eta kualifikazio profesionalarekin bat datozen lanpostuak lortzeko.

"Bergararrok gure bizi proiektua Bergaran garatu nahi dugu. Horretarako, ezinbestekoa da kalitatezko lan aukerak izatea, gure udalerriaren aldeko apustua egiten duten enpresak izatea eta garapen ekonomikorako estrategia argia izatea", adierazi du Bergarako EAJko bozeramaile Kepa Sebalek.

Bergarakoa, Gipuzkoako tasaren azpitik

EAJren esanetan, jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren %54 dago hutsik, eta "zifra horrek enpresa ekimen berriak bultzatzeko dagoen hobekuntza marjina" islatzen du. Era berean, azpimarratu dute Bergaran enpresa berriak sortzeko tasa (%3,53) Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik dagoela (%5,96), eta horrek lurralde osoan erregistratutakoa baio dinamismo ekonomiko txikiagoa erakusten duela: "Errealitate horri gertuko udalerrien aldean adierazle ekonomikoetan dagoen alde nabarmena gehitu behar zaio. Biztanleko BPG 45.141 eurokoa da Bergaran, eta Arrasaten, berriz, 53.249 eurokoa, hau da, 8.000 eurotik gorako aldea pertsonako".

Sebalek dio, datu horiek ez direla "estatistika soilak": "Horien atzean galtzen diren aukerak daude, alde egiten duen talentua eta Bergaratik kanpo garatu behar diren funtsezko proiektuak. Gure udalerriak anbizio handiko estrategia ekonomiko bat merezi du, etorkizunari begiratu eta hurrengo belaunaldientzat ongizatea sortuko duena".

Horregatik, ibilbide-orri "argia" eskatu dute jeltzaleek enpresa berriak erakartzeko, eskuragarri dagoen lurzorua aprobetxatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko, Bergarak lehiakortasuna berreskuratu eta bizilagunei aukera gehiago eskaini ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak