Kutxa Fundazioak antolatu duen Jakingura Jaialdiak ekimenak pentsamendu kritikoa, galderak egiteko beharra eta jakin-mina ezagutzaren erdigunean jartzea du helburu eta Beasainen egindako saioaren ostean, Bergaran egingo du geldialdia aste honetan. Hain zuzen, ekainaren 12an, egubakoitza, izango da, Laboratorium museoan, 18:30ean. "Helburua ez da jakin-minari buruzko ezagutza teorikoa zabaltzea, herritarrei galderak egiteko, ikuspegi desberdinak gurutzatzeko eta egungo erronkei begirada kritikoago eta zabalago batetik heltzeko beharra ikusaraztea baizik", azaldu dute.

Honako hauek hartuko dute parte Bergarako saioan: Oihana Arana idazle eta bertsolari eskoriatzarra; Ana Galarraga dibulgatzaile zientifikoa; Ander Mujika musikaria; Mikel Rotaetxe kazetaria; eta Maddi Iñarra irakasle bergararra. Halaber, mahai-ingurua amaitzean, Amorantek kontzertua egingo du. Saioan parte hartzeko, izena eman beharko da, hemen.
Jakin-mina pentsamendu kritikoarekin lotzea izango da jaialdiaren helburuetako bat, eta askotariko ahotsak uztartuko dituzte, hezkuntzatik filosofiara, zientziatik ekonomiara, kazetaritzatik sorkuntzara eta kulturatik arte eszenikoetara jauzi eginez. "Begirada horien bidez, beste hainbat galdera jarriko dira mahai-gainean: nola pentsatu zarataren garaian? Nola mantendu jakingura bizirik adimen artifizialak erantzunak berehala eskaintzen dituenean? Zer ikasi dezake enpresa-munduak hezkuntzatik? Edota nola zabaldu ezagutza formatu berrien bidez?", nabarmendu dute.
Ekainaren 19an, azkenik, Donostiako Tabakaleran egingo dute azken saioa. Informazio gehiago, hemen.