Burdinolak bosgarren postua lortu du Espainiako Infantil Txapelketan

Eki Letona Erretolatza 2026ko ekainaren 8a

Burdinola Espainiako Infantil txapelketan, Aranda de Dueron. Argazkia: Burdinola Kluba.

Asteburu honetan, ekainaren 5etik 7ra bitartean, Bergarako Burdinola Hockey Klubak Espainiako Infantil Txapelketa jokatu du Aranda de Dueron. Txapelketako bost partidak jokatu ostean, bosgarren postua eskuratu zuen talde bergararrak, hiru garaipen eta bi porrotekin.

Burdinola Hockey Klubaren balorazioa oso positiboa izan da. Taldearen esanetan, "txapelketa oso ondo bukatu dugu, bai emaitzen aldetik eta baita jokoari dagokionez ere". Izan ere, gutxigatik geratu ziren finalerdietarako sailkatzen diren lau talde onenen artean. Lehen partiduan etxeko taldearen aurka jasotako porrotak asko zaildu zuen helburu hori.

Lehen neurketan, Burdinolak 5-3 galdu zuen Arandaren aurka. Bigarren partidan, ordea, erreakzio bikaina erakutsi zuen Gadexen aurrean, 6-3 irabazita. Hasiera ez zen samurra izan, lehen hamar minutuetan hiru gol jaso baitzituzten bergararrek. Hala ere, taldeak lanean jarraitu zuen eta neurketako hurrengo sei golak bere alde erori ziren, 6-3.

Hirugarren partidan, Fenix izan zen nagusi eta 15-6 gailendu zitzaion Burdinolari. Taldearen esanetan, "ez genuen gure maila erakutsi eta ez genuen ondo jokatu". Txapelketako azken bi neurketak bosgarren postua erabakitzeko izan ziren. Lehenengoan, Castellbisbalen aurka, 5-4 irabazi zuten partida oso lehiatu batean. Garaipenaren gola neurketa amaitzeko 32 segundo falta iritsi zen.

Azken partidan, berriz, Saguntoren aurka 5-3 nagusitu zen Burdinola. Bergarako taldeak neurketa kontrolpean izan zuen hasieratik amaierara, eta ez zion aurkariari aukerarik eman. "Hasieratik ikusi zen Burdinolaren nagusitasuna", nabarmendu dute taldetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak